Euskal kantugintzari errepasoa egin diote Sanagustinen Ansaren eta Astiazaranen eskutik

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 20a, 09:40

Jagoba Astiazaran eta Ainhoa Ansa, atzo, Sanagustieko arkupeko oholtza txikian. (Mailo Oiarzabal)

Publikoarekin kantuan eta solasean aritu ziren musikariak kulturguneko arkupetik, Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrenaren barruko Kantuz daramat bizia emanaldian.

Euskal Herriko dozenaka plazatara eraman zituen Piano bat bertsotan ikuskizuna bukatu eta hamabi urte pasara, oholtza gainean elkartu ziren berriro atzo Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran Azpeitian. Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan "zerbait" egitea proposatu zioten Astiazaran musika eskolako ikasle ohiari, eta Ansarekin batera ondutako Kantuz daramat bizia izan da zerbait hori.

Euskal kantugintzari errepasoa eta gorazarre egin zioten atzo Sanagustin kulturguneko agertoki txikitik Ansa nafarrak eta Astiazaran zestoarrak. Euskal kantugintzari, kantuen balio sentimentalari, memoriari eta, bereziki, horren transmisioari: bi artisten amamak kantuan entzun zituzten atzo Sanagustinen elkartutakoek, grabaketa banari esker; eta egungo teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatzera gonbidatu zituzten ikusleak Ansak eta Astiazaranek, haiek amamekin egin bezala, belaunaldi zaharragoen kantuak eta kontuak gal ez daitezen.

Sanagustin kantuan jartzera joan ziren Ansa eta Astiazaran kulturgunera, eta kantu batzuekin gehiago eta beste batzuekin gutxiago, lortu zuten. Gainera, ikus-entzuleek eskaerak egiteko aukera ere izan zuten.

Publikoa kantuan, 'Kantuz daramat bizia' emanaldiaren une batean. (M. Oiarzabal)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide