Gutuna

Azpeitiko Udalari

Ane Azkue Etxeberria 2023ko aza. 16a, 09:02

Azpeitiko Udal Euskaltegiaren egoitza berria. (Azpeitiko Udala)

Ane Azkue Etxeberriak hedabide honetara bidalitako gutuna da honako hau.

Azpeitian, Udal Euskaltegian, hainbat langilek egiten dugu lan. Horietako batzuk lanpostu finkoa dute, besteak egonkortze prozesuan daude, eta azkenak aldi baterako kontratatuak gara, hau da, lan kargaren arabera bat, bi ala hiru langile egon gaitezke bertan lanean.

Lan kargaren arabera izendatutakoa naiz ni neu. Bada laugarren ikasturtea bertan ari naizela lanean, eta dudarik gabe, oso gustura. Baina...

Badirudi lanean beste langileengan konfiantza izan behar dugula, konpetenteak direla eta lana ondo egingo dutela. Horien artean daude Giza Baliabidekoak: soldatak, aparteko ordainsariak eta kitapenak ordaintzen dizkiguten pertsonak. Bada, ordea, ezustekorik; ez bat, bai bi.

Alde batetik, ordaindu izan dizkiguten opor egunak ez dituzte ondo kalkulatu, eta ondorioz, egun kopuru horiek erabat baldintzatu izan digute udan langabezia kobratu ahal izateko data, eta zer esanik ez lan bizitza. Hau da, ez da gauza bera 18 opor egun ala 34 opor egun izatea. Izan ere, horren arabera, uztailaren 19an ala abuztuaren 5ean eska dezakezu langabezia saria. Uler dezakegu akatsak egon daitezkeela, eta jakin badakigu denok egiten ditugula, baina sikiera erreklamatzen badugu, birbegiratu eta onartu akatsa, eta noski, konpondu ahalik eta azkarren. Bestalde, langileok izendapenak edukitzeko eskubidea ere badugu, alegia, kontratuak, gure lanaren frogagiriak baitira; zuek, berriz, izendapena bidaltzeko betebeharra duzue.

Beste aldetik, zer esan ordaindu ez didazuen kitapenaz. Zer dela eta nork erabakita kitapenik ez ordaintzea? Jakin ezazue oso larria dela gertatutakoa.

Ez nuen ez asko espero udal baten partetik horrelako egoerarik gerta zitekeenik. Baina bai, gertatu da eta gerta daiteke. Horri eskubide urraketa deitzen zaio; inongo eta inolako langileren partetik onartezina.

Sindikatuari esker, errekurtsoa jarrita lortuko dugu 2022ko kitapena kobratzea. Beste batzuen akatsengatik, ordea, 
langile batzuoi tokatu zaigu orain ere besteen akatsak ordaintzea.

Gertatutako justua dela uste al duzue?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide