Espainiako Kongresurako eta Senaturako bozen eguna da gaur, uztailak 23, eta dagoeneko nabaria da jendearen joan-etorria Urola Kostako herri guztietako hauteslekuetan. 09:00etan zabaldu dituzte boza emateko mahaiak, eta herritarrak lehen ordutik bertaratu dira botoa ematera. Urola Kostan 59.522 herritar daude boza ematera deituta.
20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko da botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.
2019ko apirilean egin ziren Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeak, eta ondoren urte hartako azaroan. Ordukoan, Kongresurako boto gehien EAJk eskuratu zuen Urola Kostan bi aldietan, 16.705 (%39,33) eta 15.983 (%39,99). EH Bildu izan zen bigarren bozkatuena, 13.581 eta 13.823 botorekin (%31,98 eta %34,5). Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, hurrenez hurren, botoen %12 eta %10 eskuratu zituzten apirilean, eta %10,37 eta %9,92 azaroan. Hemen ikus daitezke orduko emaitzak, bai eskualde mailakoak, bai herriz herrikoak.
Hona hemen 2019ko hauteskundeetan Urola Kostan izandako emaitzak: