Urrestillako Antxieta-Arbiondo baserrikoak gara, eta bide honetara jotzen dugu azkenaldian etxe inguruan izan ditugun gertaeren berri emateko. Gertakari hauek behin baino gehiagotan errepikatu dira, eta bidezkoa iruditzen zaigu herriko hedabideen bidez argitara ematea.
Etxean ganadua daukagu, eta baserri inguruko lursailetan ibiltzen dira, jabetza pribatuko lurretan. Azken asteotan jabetu gara jendea sartzen dela hauek dauden zelaietara, inongo errespeturik gabe bertan dauden ataza eta itxiturekiko, eta benetan jakitun izan gabe zein arrisku hartzen duten. Gainera, sartzearekin nahikoa ez, eta alde egiten dutenean atazak irekita uzten dituzte, ganadua barruan dagoela kontziente izanik ere. Zaborra ere uzten dute zelaietan, hala nola plastikozko poltsak, latak...
Hala ere, atzo osteguna, uztailak 13, marra gorri guztiak gainditu ziren lau gazte bi autotan Urrestillako hilerrira igo eta gure ganaduari balinarekin tiroka hasi zirenean. Hau al da gazteentzat gozamena? Baserritarrok hau guztia onartu behar al dugu? Balinarekin tiroka ibiltzeak sor ditzakeen ondorioak animaliengan edota beren erreakzioetan, baserritarron erantzukizuna izan behar al dira? Berehala zuzendu ginen haiengana eta ihes egin zuten, baina ikusirik haiei sortzen dien grazia egoera guzti honek, seguru gaude berriro ere itzuliko direla, bai gure etxera edota baita beste edozein baserritara ere.
Garrantzitsua iruditzen zaigu gainontzeko herritarrek bizi ditugun egoera hauen berri izatea eta ikustea denak ez duela balio. Gu behintzat ez gaude hau onartzeko prest eta baserritar gisa, babesa eskatzen dugu egoera hauen aurrean.
Eskerrik asko.
Antxieta-Arbiondo baserria (Urrestilla)