Inauteriak 2023

Euskal inauterien koloreek eta doinuek jantzi dute Azpeitia

Aitziber Arzallus

Kotilungorriek, zanpantzarrek, bolantek, mamoxarroek eta beste hainbat pertsonaiak hartu dute herria, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen euskal inauterien jaialdiarekin. Karnabaletako egitarauaren barruko lehen hitzordua izan da, eta astearte iluntzera bitartean festak ez du izango etenik.

Urtero bezala, euskal inauterien jaialdia egin dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleek, eta Euskal Herriko hainbat txokotako inauterietako pertsonaiak ekarri dituzte Azpeitira: kotilungorriak, zanpantzarrak, bolantak, mamoxarroak, txatxoak eta abar.

Jaialdiari hasiera San Martin egoitza parean eman diote 18:30 aldera, eta ondoren, joareak kalejiraren buruan jarrita, Alde Zaharrera joan dira. Plazan egin dute aurreneko geldialdia, eta handik, Enparan kalean behera, Perez Arregi plazara joan dira. Azken dantzak, berriz, plazan egin dituzte. HHtik Batxilergora bitarteko ikasleek eta irakasleek parte hartu dute jaialdian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide