Hikaldia aurkeztu dute, Azpeitiko Euskaraldiaren aurtengo bereizgarria

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 7a, 08:42

Hitanoaren eta "bereziki" nokaren erabilera sustatzeko egingo dute. Parte hartu nahi dutenek Euskaraldian eman behar dute izena lehendabizi eta, ondoren, 'Hikaldia.eus'-en; Euskaraldiaren txapan itsasteko 'h' bat jasoko dute horiek. Egitasmoa herrira egokituta, elkarrekin hika aritzeko binakakoak sortzea proposatu dute; eta Azpeitiko Hikaldia borobiltzeko, Hikapoteoa antolatu dute abenduaren 3rako, Azterekin elkarlanean.

Datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren aldia eta Azpeitian, aurten, lehen hitza beti euskaraz egitearen konpromisoaz gain, hika aritzeko edo hika hartua izateko ariketa ere egingo da: Hikaldia. Euskaraldiaren aurreko edizioetan zenbait herritan egin izan dute Hikaldia, baina Azpeitian aurtengoa izango da lehen aldia. Hitanoaren erabilera sustatzea da xedea, baina "bereziki" nokaren erabilera, emakumeei zuzentzerakoan erabiltzen den hitanoaren moldearena, alegia.

Hikaldia aurkezteko eta ekimena babesteko elkartu dira gaur hainbat herritar Izarraizko Ateko skate parkean. Naiara Intxausti Euskaraldiaren dinamizatzaileak eta Garbiñe Bereziartuak, hitanoaren gainean hainbat azterlan eta egitasmo garatu dituenak, azaldu dituzte Azpeitiko Hikaldiaren xehetasunak. Euskaraldiak berekin dakarren hizkuntza ohituretan "aldaketa txikiak" sartzeko proposamenari beste pauso bat gehituta, Azpeitian ere Hikaldia egitea "aproposa" izan daitekeela pentsatu dutela azaldu du Intxaustik. "Hikaldian izena ematen duenak, ahobizi zein belarriprest txapetan h txiki bat eramango du itsatsita, eta horrekin adieraziko du, gutxienez, berari hika eginez hitz egin diezaiogukela. Hikaldian, printzipioz, denok izango gara belarriprest; hortik aurrera, nahi duenak erabiliko du hitanoa, eta nahi ez duenak, ez". Euskaraldian izena ematen dutenek –azaroaren 17an itxiko dute norbanakoen izen ematea– izango dute ondoren Hikaldian izena emateko eta txapan aipatutako h-a eramateko aukera, Hikaldia.eus webgunean sartuta.

Hikaldia egiten duten herrietan bakoitzak bere erara moldatu ohi du egitasmoa, eta Azpeitian ere hala izango da; eta Azpeitian garatuko den Hikaldiaren egitasmoan parte hartu nahi dutenek, azpeitia@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatzita eman dezakete izena. Azpeitian, hitanoaren erabilera areagotzea bai, baina batik bat nokarena bultzatzea nahi dute antolatzaileek, "mutilen artean hika asko egiten delako, baina neskekin askoz gutxiago". Hika zein noka aritzeko konpromisoa hartu nahi dutenei, sare sozialetan-eta mezu bidez aritzeko gonbita egin diete: txateatzea, mezu bidez komunikatzea, proposatuko zaie. "Askotan, komunikatzerakoan, ez gaudenean hain seguru, ahoz baino errazago egiten zaigu idatziz egitea. Hainbeste komunikatzen garenez datziz eta txatez, Instagramen, Telegramen edo dena delakoan, bide hori aprobetxatzea egokia iruditu zaigu, saltotxo hori egitea nahi duenak, errazago egin dezan", azaldu du Bereziartuak. Sare sozialetako perfiletan h-a jartzera animatu nahi dituzte Hikaldiko parte hartzaileak.

Nokan fokua jartzeko, berriz, ariketa zehatzagoa egin asmo dute. Nokaren erabilera "hauspotzeko", bikoteak sortuko dituzte Azpeitiko Hikaldiaren egitasmoan izena ematen dutenen artean, binakakoak; kitzhikari batek –noka menderatzen eta erabiltzen duen pertsona– eta nokazale batek –noka entzuteko edota aritzeko ahalegina egin nahi duen pertsona– osatuko dute binakako bakoitza. Idatziz ez ezik, aipatutako sareen bidez audio mezuz komunikatzera bultzatu nahi dituzte binakakoak; kitzhikariei astero gai bat proposatuko zaie, horri buruz noka bere bikotekideari, nokazaleari, audio mezua bidal diezaion, eta nokazaleak audio horri beste audio batekin erantzun diezaion.

Amaitzeko, Hikapoteoa

Azpeitiko Hikaldia festa giroan bukatuko dela ere aurreratu dute gaurko aurkezpenean. Euskaraldia abenduaren 2an bukatuko da, baina Azpeitiko Hikaldiak abenduaren 3an izango du azken eguna, Euskararen Egunean, hain zuzen.

Egun horretan, Hikapoteoa egingo da Alde Zaharreko tabernetan, "aurrez aurre ere" hika aritzeko eta hika kalean gehiago entzuteko. Azte Alde Zaharreko tabernarien elkartearekin elkarlanean antolatu dute Hikapoteoa; horrenbestez, abenduaren 3an Azteko tabernetan jatekoa zein edatekoa hika eskatzen dutenei zozketa baterako txartelak emango dizkiete (oraindik ez dute zehaztu saria). Eta Hikaldiaren amaierako ekitaldi horri musika jarriz, Skapaie elektrotxaranga kalejiran ibiliko da Hikapoteoa girotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide