Udalean lan batzordea osatzeko eskatu du EAJk, "Corrugados berriro irekitzeko"

Mailo Oiarzabal 2021eko maiatzaren 3a

Joan den asteko udalbatzarrean Udal Gobernuak aurkeztutako txostenak "ez die erantzunik ematen bi gai nagusiei", jeltzaleen esanetan. EAJren udal taldeak udalbatzar berezi bat egiteko eskaera aurkeztuko du aste honetan, lan batzordea eratzea eskatzeko eta alkateari "jarrera politiko argia" eskatzeko.

Azpeitiko EAJk eskaera berria zuzendu dio udalari, Corrugados Azpeitia enpresaren afera dela eta. Udalak lan batzorde berezia eratzeko eskatu dute, "teknikari, legelari eta alderdi politikoetako eta beste erakunde batzuetako ordezkariekin batera, Corrugadosen jarduera berriro irekitzeko egin beharreko urratsak erabakitzeko".

Joan den astean, EAJren eta EH Bilduren udal taldeek Corrugadosen gainean aurkeztutako mozioak landu zituzten udalbatzarrean. Udalak lantegia berriro martxan jartzeko eskaera ofizialik ez duela jaso berresteaz gain, Udal Gobernuaren eskariz udaleko idazkariak egindako txosten juridikoa eman zion oposizioari Nagore Alkorta alkateak udalbatzar horretan; txosten horretan jasotakoaren arabera, legez eta arauz kanpokoa litzateke Corrugados Azpeitiak Amue eremuko lantegian jarduera berrabiaraztea. Azpeitiko EAJk "nolabaiteko txosten bat 40 egunez ezkutatu" izana leporatu zion EH Bilduren Udal Gobernuari handik bi egunera, eta udal idazkariaren txostenak "ez die erantzunik ematen bi gai nagusiei", diote orain EAJkoek: "Plan Orokorraren zer xedapen zehatzek eragozten du Corrugados berriro irekitzea? Eta, edonola ere, zein izango lirateke hori posible egiteko beharrezkoak diren hirigintza araudiaren aldaketak?", dira jeltzaleen esanetan erantzunik gabe jarraitzen duten galderak.

Udalbatzarrean aurkeztutako txostenari kontrajarrita, martxoaren 17an udalean "hirigintzako txosten bat" aurkeztu zutela gogoratu dute EAJkoek. "Txosten horrek legezko eta baliozko irtenbide bat proposatzen du, HAPOn bertan oinarritua. Irtenbide hori hirigintzako hainbat profesionalekin kontrastatu da, bai juridikoekin, bai teknikariekin", azaldu dute. Udal Gobernuak "irtenbidea bideraezina edo legez kanpokoa dela dioen txostenik, ez-eta berrirekiera ahalbidetzeko planeamendua egokitzeko egin beharreko urratsak eta epeak aztertzen dituen txostenik ere" ez duela aurkeztu ulertzen dute jeltzaleek. Horregatik, eta Corrugadosen jarduera lehengo kokapenean berriro martxan jartzeko "planeamendua egokitzeko" eginbeharretan "udalari laguntzeko prest" dagoela adierazita, gaia jorratzeko lantaldea eratu nahi du udalean Azpeitiko EAJk. Bere udal taldeak osoko bilkura berezia egiteko eskaera aste honetan aurkeztuko duela aurreratu du EAJk, "ekimen hau martxan jartzeko eta alkateari gai zehatz honen inguruan jarrera politiko argia eskatzeko: Corrugados ireki nahi du ala ez?".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide