Bihar hasiko dira Azpeitiko udal instalazioak irekitzen

Aitziber Arzallus 2021eko otsailaren 11

Bihar irekiko dituzte kirol eta kultur azpiegiturak eta Gaztelekua, eta asteazkenean irekiko dituzte ludotekak eta Emakumeen Txokoa.

Koronabirusaren intzidentzia tasaren bilakaera beheranzkoa dela ikusita, udal instalazioak irekitzen hastea erabaki du Azpeitiko Udalak. "Irekiera gradualki eta prebentzio neurri zorrotzekin" egingo dutela jakinarazi du udalak. Hori horrela, bihar irekiko dituzte kirol eta kultur instalazioak eta Gaztelekua, eta datorren asteazkenean ludotekak eta Emakumeen Txokoa. Bihar irekitzen dituztenak jaiegunetako ordutegian ariko dira astelehenean eta asteartean.

Udalak urtarrilaren 26an itxi zituen herriko udal instalazioak, egoera "oso larria" zela iritzita. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa milatik gorakoa zen orduan, eta birusaren birsorkuntza tasa 2,49koa. Hurrengo egunetan ere gorantz jarraitu zuten tasa horiek, baina azken egunotan joera aldatu eta datuek hobetzera egin dute. Gaur 716koa intzidentzia tasa eta 0,61ekoa birsorkuntza tasa.

Udalak herritarrei gogorarazi die "norberaren jarreratik has gaitezkeela egoerari buelta ematen", eta eskatu die prebentzio neurriak "zorrotz" betetzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide