Maite Etxezarreta. (Mendialdeak)
Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen sailkapena irabazi berri du Maite Etxezarretak (Azpeitia, 1991). 2018an Euskal Herrian egindako hemezortzi lasterketa, kilometro bertikal eta ultra proba hartu ditu federazioak kontuan rankinga egiterakoan, eta Sokaitz taldeko azpeitiarrak 5.993 puntu batu ditu aurten parte hartutako zazpi lasterketetan. "Gustura" da egindako lanarekin.
Mendi lasterketen sasoia hasi zenean, helburuen artean al zenuen Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen rankinga irabaztea?
Aurten mendian korrika hasi nintzenerako, rankingeko bizpahiru lasterketa eginda zeuden dagoeneko. Ranking horren barruan sartzen ziren lasterketa asko egiteko asmoa nuen, eta helburu hori aprobetxatuta parte hartu dut sailkapenean. Irabaztearena beste kontu bat da; izan ere, Euskal Herrian maila handia dago mendi lasterketetan, eta nik ahal dudan guztia eginda ere, emaitza lasterketetako parte hartzaileen araberakoa izaten da.
Zer kontuan hartuta hautatu dituzu denboraldiko lasterketak?
Aurten egin ditudan lasterketa gehienak aurreko urteetan gustatu zitzaizkidanak edo lagunek gomendatu dizkidatenak izan dira. Niretzat garrantzitsuena ondo pasatzea da. Hori dela eta, bizi izan dudan esperientziaren, sortutako giroaren edo ibilbidearen edertasunaren arabera hautatzen ditut lasterketak normalean.
Aurreikusitako emaitzak lortu al dituzu?
Zaila egiten zait emaitzak aurreikustea, guk kontrolatu ezin ditugun faktore asko baitaude mendian. Sentipenei begiratuta, berriz, aurtengo lasterketa batzuk oso gogorrak egin zaizkit, eta dezente sufritu dut horietan, batez ere, gorputzari kasurik ez egiteagatik... Dena den, aurtengo denboraldiak asko ikasteko eta indarra hartzeko balio izan didalakoan nago.
Zein lasterketatan gozatu duzu gehien? Eta horietako zeinetan sufritu duzu gehien?
Zalantzarik gabe, Tolosaldeko T3T lasterketan gozatu dut gehien; hirugarren saiakeran lortu dut mendi maratoi hori bukatzea. Lasai atera nintzen, lokatza mordoa zegoen ibilbidean eta eguraldi bikaina egin zuen. Ibilbide guztian zehar ondo sentitu nintzen, zeinen pozik nindoan esaten nion neure buruari. Sufritu, berriz, ez dakit zein probatan sufritu dudan gehien, baina bizpahirutan, dezente. Egoerari buelta ematen asmatu izanarekin gelditzen naiz.
Herriko lasterketetan ez duzu parte hartu, hala nola Zuzenien igoera bertikalean eta Izarraizko mendi lasterketan. Zergatik?
Batzuek parte hartzeko, beste batzuek antolaketa lanetan aritu behar! Eta niri aurten herrian gelditzea tokatu zait. Egia esan, bi proba horien antolaketa lanetarako talde polita daukagu osatuta, eta gustura aritzen naiz prestaketa lanetan ere.
Kilometro bertikaletan nahiz lasterketetan aritu zara. Zeintzuk dituzu nahiago?
Hamabost kilometro inguruko lasterketak ditut gustukoen, une oro ahal duzun bizkorren joaten zaren horiek. Hanka non jarri pentsatzearekin, kontzentratuta igotzearekin eta beherakoan hartutako abiadurarekin disfrutatzen dut halakoetan. Hala ere, gero eta lasterketa luzeagoak antolatzeko joera dago oro har. Lasterketa luzeagoen eta bertikalen artean, berriz, ez dakit bat aukeratzen.
Nola prestatzen zara lasterketetarako?
Ia egunero mendian edo errepidean egiten dut korrika, eta bizikleta saioak edo atseden egunak tartekatzen ditut. Batzuek esan ohi didate egunero ez entrenatzeko, baina atseden egunak ez ditut gogoko. Kirola egitea asko gustatzen zait.
Gero eta mendi lasterketa gehiago egiten dira Euskal Herrian, eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du horietan. Zerk eragin du kirol proben eta kirolarien kopurua areagotzea?
Ez naiz galdera honi erantzuteko pertsonarik egokiena, neu ere boom horrekin batera hasi bainitzen mendian korrika. Ordura arte, mendian eskalatzen edo oinez ibiltzen nintzen. Mendi lasterketak ugaritzen hasi ziren heinean, horiek probatzeko eta ezagutzeko aukera izan nuen. Gustatu egin zitzaizkidan, eta ordutik hemen nabil, hara eta hona.
Sasoi batean krosetan ere aritu zinen. Zergatik itzuli zara mendiko probetara?
Korrika duela hiru urte hasi nintzen. Udaberrian mendiko lasterketetan ibili ostean, ekainean lesionatu egin nintzen, eta udazkenean ezin izan nuen mendiko probekin jarraitu. Hori dela eta, azaroan Donostiako Maratoia egitea erabaki nuen. Joan den urteko udaberrian berriro mendira joaten eta probetan parte hartzen hasi nintzen, eta udazkenean erabaki nuen errepideko lasterketa motzagoak egiten hastea. Lasterketa motzak, lurreko krosak, pistako probak... denetarik probatu nuen. Aurten, berriz, mendian nabil urtea hasi zenetik, eta gustura sentitzen naiz.
Zer eman dizu mendiak?
Familiarekin, lagunekin eta neure buruarekin esperientzia eta momentu oso politak bizi ahal izan ditut mendian. Mendian nagoenean sentitzen dudan bake, lasaitasun eta zoriontasun puntu hori asko baloratzen dut.