Azkoitiko Sostenipe talde feministak eta Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak Uharten (Nafarroa) izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko, osteguna. Bi herrietan plazan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete bi taldeetako kideek. Zumaiako Mugimendu Feministak ere egin du deialdia biharko. 19:30ean izango da kontzentrazioa, Martxoak 8 plazan. Zumaiako mugimenduak azaldu duenez, Uharteko hilketaz gain, Zumaian izandako eraso sexistak ere salatuko dituzte biharkoan; izan ere, mugimenduaren arabera, hainbat emakumek etxera bidean jarraipenak eta esan nahiz keinu lizunak jasan behar izan dituzte aste honetan Zumaian. Honako lotura honetan irakur daiteke Zumaiako mugimenduak kaleratu duen oharra.
Azpeitiko Udalak oharra kaleratu du gaur hilketa "gogor" salatzeko. Hildakoaren senitartekoei zein haren gertukoenei "elkartasuna" adierazteaz gain, herritarrei erasoa salatzeko antolatu ditzaketen protestetan parte hartzeko deia egin die erakundeak. "Indarkeria matxistak ez du etenik gaur egungo gizartean. Arazoa benetan larria da, gizonen eta emakumeen berdintasun ezetik sortuta", azaldu du Udalak, eta esan du giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen, "ez Azpeitian eta ez beste inon". Erakundeak gogorarazi du herritarren ardura ere badela urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea. Hori dela eta, erasoren bat gertatzen ari dela ohartuz gero, Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzea "ezinbesteko betebeharra" dela esan du Udalak. "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea". Erakundeak azaldu duenez, egunerokoan ikastetxeetan sustatzen duen hezkidetza programen zein beste hainbat egitasmoren bidez, "indarkeriaren kontra"