Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sanjuandegi eta Loiola arteko bide zaharrak itxura berria du; izan ere, herriko ikastetxeetako ikasleen ekarpenak jasota, Udalak hainbat egokitzapen egin du gune horretan. Agenda 21en barruan egin zituzten bidea berritzeko proposamenak haurrek eta gaztetxekoek, eta eskaera horietako batzuk aintzat hartuta egin dituzte lanak.
Bide hori oinezkoetzat soilik dago zabalik duela hilabete batzuetatik; trafikoari itxita dago ordutik. "Bideari osotasuna" emateko egin ditu lanak Udalak, eta Xaguxatar parkea bidean txertatu dute. Izan ere, parkea inguratzen zuen hesia kendu eta ibaiaren ondoan jarri dute. Gainera, bidearen ertzetan parkean diren materialekin egindako elementuak jarri dituzte. Bestalde, askotariko landareak eta hainbat behatoki jarri dituzte bidean. Lanak bukatzen ari dira, eta horiek 47.728,8 euroko aurrekontua dute.