Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, martxoaren 25ean, Eibarko Astelena pilotalekuan, eta promozio mailako txapela lortzeko lehiatuko dira Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Hori dela eta, txapelketako finala ikustera joateko doako autobusa antolatu du Azpeitiko Udalak.
Norgehiagokaren ordua zehaztu bezain laster jakinaraziko du udalak autobusaren ordutegia, baina aurreratu du finalerako iritsiko direla eta hura amaitzean itzuliko direla herrira. Izena asteazkenera bitartean eman daiteke,
kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 72 00 eta 943-15 00 95 telefonoetara deituta.
Atzo jokatu zituzten txapelketako
finalerdiak, Oñatin. Promozio mailari dagokionez, Badiolak eta Orbegozok Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre Arroa Goiko bizilaguna 18-17 mendean hartu ondoren sailkatu ziren finalera. Maila horretan, Nagore Aramendi eta Oihana Unanuek ere jokatu zituzten finalerdiak, baina azpeitiarrek 17-18 galdu zuten. Lehenengo mailari dagokionez, Eneritz Arrieta pilotari azkoitiarra eta Patri Espinar finalera sailkatu ziren, Amaia Araiztegi eta Maddi Mendizabal 18 eta 6 garaitu ostean.
Datorren igandean, Badiolak eta Orbegozok Amaia Vicario eta Ainhoa Urien bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Arrietak eta Espinarrek, berriz, iaz txapeldunak izan ziren Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz izango dute aurrez aurre.