(Atom Rhumba)
Zazpi urteko etenaren ostean, 2017aren bukaerarekin batera itzuli zen Atom Rhumba taldea agertokietara. Ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratu zuen taldeak urtarrilaren hasieran: Cosmic Lexicon. Joseba Irazokiren (Bera, Nafarroa, 1976) arabera, taldeak kaleratutako diskoek "kolore desberdinak" izan badituzte ere, Atom Rhumbak "nahikoa fidel" heldu dio bere filosofiari urte guztiotan. "Garatzen eta aldatzen joan da taldea, baina mantendu du modak ez jarraitzeko filosofia".
Zazpi urte eta gero, berriz itzuli zarete agertokietara. Zergatik orain?
Aurreko diskoa egin genuenean, hiru edo lau urte pasatu genituen biran. Kontzertu horiek bukatzean, gelditu egin ginen pixka bat, baina lokalean jarraitu genuen lanean. Tartean, duela bizpahiru urte, maketatxo bat grabatu genuen Bonberenean (Tolosa). Kanta haiek ez gintuzten guztiz bete, ez zitzaizkigun gehiegi gustatu, baina estudioan funtzionatzen ote genuen ikusi nahi genuen. Beraz, urteotan, erritmo mantxoagoan baina lanean jarraitu dugu. Bestalde, tarte horretan hainbat aldaketa izan ziren taldean, eta duela bi urte-edo sendotu zen berriz. Maketa hartako abesti gutxi batzuk berreskuratu genituen, eta berriz ere indartsu hasi ginen entseatzen.
Oso kritika onak jasotzen ari da Cosmic Lexicon diskoa. Zer du berezia lanak?
Atom Rhumbaren ezaugarri berak ditu disko honek ere. Rocka egiten dugu, baina estilo desberdinak ukitzen ditugu zuzenean edo zeharka. Eta disko honetan identitate hori mantendu dugula uste dut. Eta zer duen berria? Nabaritzen da beste gauza batzuk bilatzen saiatu garela. Konposaketa aldetik, kanta batzuk psikodelikoagoak dira, progresiboak agian. Aurreko diskoekin alderatuta, kanta batzuk luzeagoak dira, zazpi-zortzi edo bost-sei minutukoak. Azken aurreko lanean kantu laburrak egin genituen, berehalakoagoak ziren, punkiagoak agian; oraingoan, berriz, egiturak-eta gehiago landu ditugu. Baina oinarrian dagoena da Atom Rhumbaren diskoa dela, eta hori diote kritikek ere.
Atom Rhumbarekin egin duzun bigarren diskoa da oraingoa. Zer dela-eta hasi zinen taldean?
Ezagutzen nuen taldea, Euskal Herrian nahiz Espainian prestigio dezente duen taldea da. Bakarkako proiektuarekin ari nintzen, kantautoreekin ere bai, eta betidanik nuen talde batean aritzeko gogoa. Beraz, ez nuen zalantzarik izan. Beti izan dut talderen bat, baina herri mailan, eta ez genuen aurrera segitzen hainbat arrazoirengatik. Atom Rhumba aukera agitz polita zen, haien musika pila bat gustatzen zitzaidan, eta baiezkoa ematea erabaki nuen.
Zeren arabera erabakitzen duzu proiektu batean murgildu edo ez?
Argi eta garbi, musika gustatu behar zait lehendabizi. Ez bazait gustatzen... Musikatik bizi naiz, eta batzuetan diruak ere izaten du garrantzia, baina ia gehienetan gustuaren arabera egiten dut aukeraketa. Batzuetan egiten duzu horren gustukoa ez den zerbait, baina halakoetan ere beti ateratzen duzu zerbait positiboa. Egia esan, oso gutxitan esan izan dut ezetz.
Talde ugaritan aritua zara, baina bakarka ere egin duzu bidea. Nola uztartu dituzu proiektu horiek guztiak?
Nire lanbidea da. Ez dizut esango egunean zortzi orduz aritzen naizenik lanean, baina laneko ordu guztiak musikari eskaintzen dizkiot. Ez zait zaila egiten, baina jendeak esan izan dit: "Zenbat errepertorio ikasi behar dituzun!". Baina, azkenean, lan bat da hau niretzat; afizioa eta ofizioa. Badira pixka bat erotzen naizen boladak; izan ere, asteburu batean hiru kontzertu izan ditzaket, eta hiru errepertorio prestatu behar ditut; edo rocka egiten duen talde batekin ari naiz lanean, eta beste proiektu baterako banjoa berrartu behar dut. Baina beste lan guztietan bezala izaten ditut lanpetuago nagoen boladak eta lasaiago nagoenak.
https://www.youtube.com/watch?v=oRTOQkzEkbQ
Zer du Atom Rhumbak Joseba Irazokitik?
[Barreak]. Pentsatzen dut orain kanta batzuetako gitarra soinu batzuek nire izaera islatuko dutela. Hala dela pentsatu nahi dut; izan ere, taldekideok antzeko musika entzuten badugu ere, bakoitzak badu bere background-a edo estiloa. Adibidez, musika afrikarra dezente entzun dut, eta badakit azken diskoan agertzen direla halako gauza batzuk.
Eta zer eman dizu Atom Rhumbak?
Gauza asko. Talde batean aritzeak gauzak partekatzeko aukera ematen du, gauzen beste ikuspuntu bat. Bestalde, musika gogorxeagoa egiteko gogo hori mantentzea ere ahalbidetu dit Atom Rhumbak: orain pasatu zait, baina adinaren krisiak eraginda-edo, rocka egiteko beharra sentitzen nuen bolada bat izan nuen. Eta sartzen zara halako talde batean, eta... [barreak].
Bira hasi berritan, zer moduzko erantzuna ari zarete jasotzen?
Oso ona. Errepertorioa finkatzen ari gara oraindik, baina, orokorrean, ongi doa. Kontzertu gehienak Euskal Herrian eman ditugu, eta gustura gaude. Taldean aldaketak egin ditugu, eta jendeak esan digu: "Talde hau da orain arteko onena". Baina lehen ere esan izan ziguten halakorik, beraz... Une politean gaudela uste dut, baina bira hasieran gaude, eta oraindik kantek hazi egin behar dute zuzenekoetan. Jendeak gogotsu hartu du itzulera.
Zapatuan Azpeitian ariko zarete. Zer moduzko plaza da?
Sanagustin kulturgunean izana naiz, Depedroren aurretik jo nuen duela urte batzuk. Atom Rhumba ez dut uste inoiz izan denik Azpeitian; Azkoitian bai, Matadeixekoekin harreman oso ona baitugu. Azpeitia plaza polita da, ikusten da Euskal Herriko talde gehienak pasatzen direla lehenago edo beranduago Sanagustinetik; joan beharreko plaza ari da bihurtzen. Ongi ari dira programatzen, eta leku horietan beti egon behar da.
Azpeitiko kontzertura joaten direnek zerekin egingo dute topo?
Atom Rhumba gogotsu batekin, disko berri bat dugulako eskuen artean eta hori aurkezteko izugarrizko gogoa daukagulako. Kontzertu erdia disko berrian oinarrituko da, eta beste erdia, Atom Rhumbaren kanta ezagunenetan. Gogotsu eta indartsu joango gara Azpeitira.