Alex Aizpuru: "Denboraldi hasieran ez nuen espero hain ondo ibiliko nintzenik"

Julene Frantzesena 2017ko abe. 13a, 10:21

Beasainen jokatzen du azpeitiarrak, eta zapatuan Lagun Onaken kontra jokatuko du Garmendipe (18:00). Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoko goleatzaile nagusia da, 13 golekin.

Alex Aizpuru Beasaingo elastikoarekin eta baloiarekin Madalena auzoa atzean duela. (Julene Frantzesena) Alex Aizpuru Kaxe (Azpeitia, 1994) izugarrizko denboraldia egiten ari da Beasain taldearekin Espainiako futboleko Hirugarren Mailan. Duela bi urte utzi zuen bere "betiko" kluba, Lagun Onak futbol taldea, baina futbolean aritzeko Azpeitia utzi izanagatik, "etxean bezala" sentitzen dela dio Kaxek. Horrela deitzen diote etxetik kanpo ere. "Alex amak ere ez dit deitzen, haserretzen denean ez bada behintzat". Urteetan Lagun Onaken aritu ostean, aurreko denboraldian Vitoriarekin jokatu zenuen. Mailaz igo zineten, baina ez zizuten kontratua berritu. Igoera fasea jokatu genuen Lagun Onakekin aritu nintzen azken denboraldian. Sasoi hura bukatzean, Eibarretik deitu zidaten, hango bigarren taldearekin aritzeko. Aukera aprobetxatu behar zela-eta joan nintzen hara. Denboraldi ona izan zen taldearentzat, Bigarren B Mailara igo ginen, baina pertsonalki ez zen hala izan. Ez nuen asko jokatu, eta jokatzen ez duzunean... Beasaindik deitu zizuten, gero. Vitoriak ez zuen nirekin kontatzen denboraldi honetarako, eta kontratua etetear nengoen. Beasaingo entrenatzaileak deitu zidan, eta haiek ere igoera fasea jokatuta zeudenez eta talde ona zenez, hara joatea erabaki nuen. Espainiako Bigarren B Mailara igo eta taldean ez jarraitzeak pena pixka bat emango zizun, ezta? Bai, noski. Taldearekin mailaz igotzea lortu eta alde egin behar izatea... Sari hori ez aprobetxatzeak pena ematen du, baina aurten, Beasainen, gauzak ondo doazkigu, eta gustura nago. Sailkapeneko aurrenak gara, eta lau puntura dugu bigarren taldea. Hori bai, oraindik asko falta da denboraldia bukatzeko, erdia ere ez dugu egin. Kontua ez da nola hasten den denboraldia, nola bukatzen den baizik. https://www.youtube.com/watch?v=iLGcc8r3IEw Etxera itzuliko zara zapatuan, Lagun Onaken kontra jokatuko baituzue ligako partida. Gogoz al zaude? Bai, bai. Aurreko urtean Vitoriarekin galdu egin genuen, eta... Nahikoa entzun behar izan nuen, lagunek-eta adarra ederki jo zidaten. Zapaturako gogoz nago, berezia da etxera bueltatzea; herritarren aurrean jokatzen duzu, lagunak ikustera joaten dira... Ea golen bat sartzen dudan. Gola aipatu duzunez, sartuz gero, ospatuko duzu? Ikusi egin beharko da partida nola doan, baina auskalo. Ikusleek zerbait txarra esaten badidate igual bai, baina ez ez dut uste [barrez]. Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoko pitxitxia zara. Espero al zenuen halakorik? Hamahiru gol sartu ditut jokatutako hamabost partidatan. Ligan hamazazpi jokatu ditugu, baina batean min hartuta nengoen eta bestean zigortuta bost txartel horirekin. Azken aldian txartel asko ateratzen didate... [barreak]. Sartutako gol kopuruarekin oso gustura nago; izan ere, denboraldi hasieran ez nuen espero hain ondo ibiliko nintzenik. Sasoi onean zaude, beraz? Bai. Orain arte, sekula ez nuen horrelako denboraldirik egin. Lagun Onaken egin nuen denboraldi on bat, baina zenbakiei begiratuta ez zen horrelakoa izan inondik inora. Zein da hainbeste gol sartzeko sekretua? Ez dakit sekreturik dagoen, baina uste dut gauzak disfrutatzen ari zarenean, gustura jokatzen duzunean eta konfiantza ematen dizutenean, gauzek bere bidea egiten dutela eta horrela etortzen direla. Orain bolada onean nago, eta aprobetxatzea nahi dut, gero ere etorriko baitira txakalaldiak eta. Denboraldi hasieran zenuen pena puntua joango zitzaizun honezkero? Hilabete gutxitan aldaketa handia bizi izan dut; animoz baxu nengoen denboraldi hasieran eta orain ilusioarekin nago. Taldea hain ondo aritzea eta norbera talde horretan garrantzitsu sentitzea bezalakorik ez dago. Gustura zaude Beasainen? Izugarri. Taldea ona izateaz gain, taldekideak jatorrak dira eta aldagelan giro oso ona dugu. Klubak ere oso ondo hartu nau, eta ez dut inongo kexarik. Ez zara Beasainen jokatzen duen azpeitiar bakarra. Joanes Otamendi taldekidea duzu. Nik erabakia hartu aurretik, pare bat aste lehenago, esan zidan bera Beasainera zihoala, eta horrek ere eragina izan zuen nire erabakian. Ondo gaudenean edo gaizki gaudenean, babesa da lagun bat aldamenean izatea. Larunbata gerturatzen ari da. Zer emaitza espero duzu? Presiorik gabe joango gara Garmendipera sailkapenean gauden tokian eta egoeran gaudelako. Dena den, irabaztera aterako gara, baina Lagun Onak ondo moldatzen da etxean, eta aurkari zaila izango dugu aurrean. 0 eta 1ekoarekin, ni konforme. Hori bai, gola nik sartzen badut, bestela ez [barrez]. Erraza izango da gola sartzea? Defentsan talde oso gogorra da Lagun Onak, etxean batik bat. Oso ondo kokatzen dira zelaian, eta jokalari onak dituzte atzeko lerroan. Gure indargunea, berriz, erasoa da, gol asko sartzen ditugu, eta uste dut, kostatuta bada ere, bat edo beste sartuko dugula. Bi denboraldi daramatzazu etxetik kanpo jokatzen. Azpeitia faltan sumatzen al duzu? Gertutasuna sumatzen dut faltan. Lehen, etxetik bi metrora nuen Garmendipe, eta, orain, horixe falta zait, erosotasuna. Baina halako gauzekin kanpora joaten zarenean ohartzen zara. Gainerakoan, ezer gutxi aipatuko nuke. Izan ere, Beasainen etxean bezalaxe sentitzen naiz, eta tratuari dagokionez, klubaren jarrera Lagun Onakenaren oso antzekoa da. Tratua zeharo gertukoa da. Denboraldia bukatzeko asko falta bada ere, zer helburu dituzu? Lehenengo, neguko merkatua ikusi beharko da, baina oso-oso eskaintza ona egin beharko didate taldez aldatzeko. Taldeak igoera fasera sailkatzea du xede, eta, noski, ahal bada, lehen postuan izan dadila. Gero ikusiko dugu zer gertatzen den, mailaz igotzea oso zaila delako; partida txar bat egitea nahikoa da dena haizea hartzera joateko. Nire helburu pertsonala, berriz, denboraldi bukaeran IV. multzoko goleatzaile nagusi izatea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide