Azpeitiko eta Azkoitiko Udaletako nahiz Basarte industrialdeko ordezkariak Foru Aldundiko arduradunekin, gaur goizeko bileran. (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Azpeitiko eta Azkoitiko Udal ordezkariak, Basarte industrialdeko ordezkaritzarekin batera, Foru Aldundiarekin bilera egin dute gaur goizean, Munategin sortzen diren trafiko arazoei konponbidea jartzeko eskatzeko. Azkoitiko zinegotzi Miguel Angel Bastidak adierazi du Munategiko bidegurutzea "puntu beltza" dela, eta "ordu puntetan ilarak saihestea eta segurtasuna bermatzea" eskatu ditu.
Bastidaren esanetan, Basarte industrialdean 350 langilek egiten dute lan, eta gainera, gasolindegi bat ere badago. "Horrek esan nahi du egunean 600 bat ibilgailu mugitzen direla, eta lantegietako sarrera-irteera orduetan kotxe ilara handiak sortzen dira".
Bestalde, Munategin ez dago zebra-biderik errepidea zeharkatzeko, eta autobusek GI-2634 errepidetik atera behar izaten dute geldialdia egiteko. Horrez gain, Azpeitirako norabidean, autobusek geldialdia egin ondoren, derrigorrez Txerloiko biribilguneraino joan behar dute buelta emateko.
Arrazoi horiengatik, Munategiko bidegurutzeko trafiko arazoa konpontzeko, neurriak hartzea eskatu diote Foru Aldundiari bi udaletako eta Basarte industraildeko ordezkariek. Besteak beste, biribilgune bat eraikitzea proposatu dute, "segurtasun handiagoa bermatzeko ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, eta auto-ilarak saihesteko".
Bastidaren esanetan, Foru Aldundiko arduradunek "oso ondo hartu" dituzte, eta "aukera desberdinak aztertzeko konpromisoa" hartu du Aldundiak.