Unai Beristain. (Julene Frantzesena)
Zer egin behar izaten duzue enduro probetan?
Ibilbide jakin bat izaten dugu, eta denbora hartzen digute aurrena. Gero, erlojupeko proba izaten da mendian, eta gutxieneko denbora egin behar izaten da ez zigortzeko. Hirutan egiten dugu mendiko zatia, eta denbora onena egiten duenak irabazten ditu probak.
Noiz hasi zinen enduro modalitatean?
Lanean hasi orduko. 18 urte egin, gidabaimena atera, eta... 16 bat urterako erosi nuen motoa; izan ere, gaztetatik daukat motoan ibiltzeko afizioa. Gainera, banuen moto probetan ibiltzen zen lagun bat, eta haren bidez hasi nintzen lehiatzen duela hiru urte. Euskal Herriko Txapelketan, 23 urtez azpikoen mailan, azpitxapeldun egin nuen, eta lorpen horrek segitzeko grina piztu zidan. Orain bi urte, gazteen mailako txapelduna izan nintzen, eta aurten ere bai. Datorren urtean ja seniorretan ariko naiz; aldea badago maila batetik bestera.
Zer erronka dituzu datorren urtera begira?
Euskal Herriko Txapelketan ariko naiz, baina argi dut ezingo dudala txapela irabazi. Izan ere, maila oso altua egongo da. Dena den, lehen hamarretan sartzen saiatuko naiz. Bestalde, tarteka, enduro extrem probetan parte hartzen jarraituko dut.
Nola prestatzen zara probetarako?
Ahal den lekuan ibilita. Ez da oso ondo ikusita dagoen kirola, eta etxe inguruan, mendian, ibiltzen gara bueltaka. Tarteka zirkuitu batzuetara ere joaten gara lagunak, pixka bat entrenatzera. Baina hemen inguruan ez daukagu zirkuiturik prestatzeko, eta Bizkaira edo Arabara joaten gara. Gipuzkoatik irten egin behar da.
Beristain enduro proba batean. (U.B.)
Zergatik ez dago ondo ikusita?
Esan izan dute mendi batzuetan ezin dela motoan ibili. Jende askok ez du ondo ikusten mendian motoan ibiltzea; begirada zatarrak jaso izan ditugu.
Zerekin egin duzu topo enduro txapelketen munduan?
Maila oso ona dago. Egia esan, neure burua uste baino hobeto ikusi dut mundu horretan, eta gustura nago. Hori bai, lehietan aritzeak fisikoki prestatuta egotea eskatzen du, gogor entrenatzea. Denbora ere eskatzen du, eta badugu oraindik zer egin hobetzeko.
Nongo lasterketetan parte hartzen duzu?
Euskal Herriko lasterketetan parte hartzen dut normalean. Gertuen egiten dena eta Gipuzkoako bakarra Elgoibarkoa izango da, eta horrez gain, Nafarroan, Bizkaian eta Araban ere egiten dira. Bestalde, Espainiako hainbat tokitan ere egin ditut enduro extrem proba batzuk, eta Euskal Herrian ere egiten da halako bat: Gordexolakoa. Enduroen denboraldia otsailean edo martxoan hasten da, eta hilero lasterketaz lasterketa ibiltzen gara.
Asteburuan munduko txapelketan parte hartu zenuen Aguilar de Campoon (Palentzia, Espainia). Gustura zaude egindako lorpenarekin?
Bai, oso. Gidari onenak izan ziren bertan; pentsa, lehen hamar postuetan sailkatu zirenak hortik bizi dira. Uste baino hobeto moldatu nintzen, eta oso gustura nago egin nuen lanarekin. Halako proba entzutetsu batean parte hartzen nuen lehen aldia zen, gainera.
Bizi daiteke enduroan aritzetik?
Bai, baina oso-oso zaila da. Oso jende gutxi ibiltzen da mundu horretan. Ez dago dirurik, eta dena geure poltsikotik jarri behar izaten dugu. Onenak talde ofizialekin eta babesleekin aritzen dira lanean, baina gainerakook...
[caption id="attachment_327859" align="aligncenter" width="300"]

Beristain enduro proba batean. (U.B)
Kirol garestia da, beraz.
Bai, bai, oso. Dena geure poltsikotik jarri behar izaten dugu, eta... Lana egiten dut, eta astean zehar motoan ibiltzeko betarik ez dut izaten. Egia esan, motoa konpontzen pasatzen dut astea, beti izaten baitu zerbait egiteko. Noizean behin, asteburuak aprobetxatzen ditugu motoan ibiltzeko.
Endurorako afiziorik ba al dago Azpeitian?
Bai. Gaztexeago edo zaharxeago garen lagun kuadrilla elkartzen gara motoan ibiltzeko, eta ikusten da motozale gazte batzuk ere badatozela. Lasterketetan, berriz, beste pare bat lagunekin aritzen naiz: Oihan Galarraga azpeitiarrarekin eta Ugaitz Olariaga azkoitiarrarekin.
Urrestillan egin zen enduro proba bat, San Juan jaien bueltan.
Ederra izan zen. Aurreneko aldia zen, eta ibilbide sinplea osatu bagenuen ere, oso polita izan zen. Ea berriz ere egiteko moduan garen.