[caption id="attachment_327187" align="aligncenter" width="300"]

Iñaki Aiertza lagunekin eta familiako kideekin, atzo. (I.A)[/caption]
Etxean gelditu zen igandean Urrakiko XXXV. Igoerako txapela. Izan ere, Iñaki Aiertza (Azpeitia, 1982)
nagusitu zen, Lancer Evo IX autoarekin, 60 bat gidarik parte hartu zuten lasterketan.
Lasterketa "zaila" izan zela esan zenuen igandean bertan.
Oso-oso zaila bihurtu zen proba. Eguraldi nahasia egin zuen. Gainera, lehen mangan auto batek motorrean matxura izan eta olioa galdu zuen. Horrek are zailagoa jarri zuen lasterketa. Lehen mangan infernua zirudien errepideak, oso gaizki zegoen, eta susto txiki bat ere izan nuen. Abisua izan zen, eta gurpilak aldatu nituen.
Gurpilak aldatu eta dena ondo atera zitzaizun?
Bigarren mangan lasaiago hartu nuen, txukun-txukun igo nuen ibilbidea. Egia esan, lehen mangan egindako denborarekin ikusi nuen irabazteko aukerak nituela. Halere, hirugarrenean ere estutzea erabaki nuen, eta hala iritsi zen garaipena.
Gustura zaude egindako lanarekin?
Borobil atera zitzaidan. Auto berria euritan probatzen nuen lehen aldia zen, eta zoragarri ibiltzen dela ikusi dut. Uste ez banuen ere, atzokoa aukera bat zen nire autoarentzat, lau gurpiletan duelako indarra.
Espero zenuen irabaztea?
Ez nuen espero, eta oso gustura nago. Ospatzekoa da lorpena. Banekien euriarekin autoen sailean irabazteko aukera izan nezakeela, baina absolutua irabazterik ez nuen espero. Gureak baino auto indartsuagoak eta arinagoak ateratzen dira, eta horiei irabaztea...
Ez da ohikoa autoek igoerak irabaztea?
Ez, ez da ohikoa formulek parte hartzen dutelako. Ez dakit azkenengoz noiz gertatuko zen igandean pasatu zena.
Irabazi duzun lehen lasterketa al da?
Bai. Lasterketa solte gutxi batzuetan parte hartzen dut, eta irabazi izan dut nire mailan, baina maila orokorrean ez. Ez nuen bela pentsatuko Urrakiko Igoera irabaziko nuenik!
Etxean irabazteak zer suposatzen du?
Atzo esan zidaten Urrakiko Igoera irabazten duen lehen azpeitiarra naizela. Hori ikargarrizko ohorea da niretzat, izugarrizko gidariak eta afizioa ditugulako herrian. Beti hor ibili direnak dira maisuak, eta haiek lortu ez dutena lortzea.... Imajinatu zer den hori niretzat!
Urrakiko Igoera irabazita, lasterketa gehiagotan aterako zara?
Hankak lurrean izan behar ditugu; hau oso kirol garestia da, eta oraintxe aita izan naizenez, beste lehentasun batzuk ditut. Ingurukoek pazientzia ederra izan dute lasterketa aurreko azken asteetan, eta eskerrak eman nahi dizkiet laguntzen aritu diren guztiei eta etxekoei, horien laguntza ezinbestekoa izan delako.