Iago Azkue. (Julene Frantzesena)
Magia Borras kaxa batek sortu zion magia jolasetarako afizioa Iago Azkueri (Azpeitia, 2003). Zazpi urte-edo zituen aztikeriaren atzaparrek harrapatu zutenean, eta, ordutik, ikusezinaren eta begi-bistakoaren amildegian dabil jolasean, magiaren mundu txundigarri bezain zabalean. Bihar
Txisteratik egunean parte hartuko du azpeitiarrak.
Nolatan hasi zinen magia egiten?
Txikitan oparitu zidaten kaxak sortu zidan magiarekiko interesa; asko gustatu zitzaidan jolas hura. Ordura arte, ezer gutxi nekien magiaz.
Nola ikasi dituzu trikimailuak?
Magia kaxetan azalpenak izaten dira, baina, horrez gain, liburuak erosi izan ditut eta Interneten begiratu izan dut.
Egin duzu ikastarorik-edo?
Ez. Bilbon bada magia eskola bat, baina oraino ez dut egin ikastarorik. Neure kasa ikasi dut dakidan guztia.
Zer magia mota duzu gustukoen?
Oholtzakoa. Magia musikak lagunduta-eta egitea atsegin dut. Hainbat elementurekin egindako ikuskizunak gustatzen zaizkit.
Zer da magia zuretzat?
Betetzen nauen gauza bat. Izugarria da betidanik gustatu zaidan gauza bat egitea, ume-umetatik txunditu eta aho zabalik utzi nauen gauza bat egitea. Oso polita da zuk magia egin eta jendea aho zabalik uztea.
Trikimailu batzuk ikasi arren, beti egongo da zer ikasi, ezta?
Geroz eta magia jolas gehiago asmatzen dituzte, eta, bat ikasi ahala, beste bat duzu ikasteko.
Iazko edizioan ez, baina aurtengoan animatu zara Txisteratik egunean parte hartzera.
Aurten hasi naiz emanaldiak egiten. Orkatz kultur elkartearen urtemugan Sanagustin kulturgunean aritu nintzen, eta, orduz geroztik, beste hiru emanaldi eskaini ditut Soraluzen, Loiolan eta Azkoitian.
Nola sentitzen zara jendaurrean?
Saioak hasi aurretik oso urduri jartzen naiz, baina oso gustura bukatu izan ditut.
Larunbaterako urduri zaude?
Oraingoz ez, baina jarriko naiz, seguru. Uste dut urduritasun puntua izan behar dela saioa hasterako. Artista gehienek sentitzen dute urduritasun pixka bat, nahiz eta beren buruarekin konfiantza ikaragarria izan. Tentsio pixka bat behar da; oso erlaxatuta egotea seinale txarra da.
Iago Azkue plazan. (Julene Frantzesena)
Magia jolasen bat gaizki ateraz gero, zer?
[Kar, kar, kar] Magoek alde on bat dute: ikusleek ez dute jakiten zer trikimailu egin behar duten, eta gaizki ateraz gero, grazia pixka batekin jarrai dezake jolasarekin. Margolari bati lana gaizki ateratzen bazaio, berriz egin beharko du ziurrenik; guk, berriz, buelta eman diezaiokegu jolasari. Mago onek abilezia hori daukate, badakite jolasa egoerara moldatzen.
Gertuko magia egingo duzu kalean. Zer trikimailu ikusi ahalko dituzte herritarrek?
Elementu txikiekin egingo ditut magia jolasak, hala nola kartekin, belakiarekin, zapiarekin... Herritarrek bertatik bertara ikus ditzakeen trikimailuak egingo ditut.
Nola prestatu duzu zapatuko emanaldia?
Egunero aritzen naiz ispiluaren aurrean entseatzen, besteek ikusiko dutena ikus baitezaket.
Zeren arabera aukeratzen duzu trikimailu bat edo bestea?
Gurasoei eta lagunei egiten dizkiet magia jokoak lehenik, eta haien erreakzioaren arabera aukeratzen ditut. Batez ere, horiei gustatu zaizkien jolasak egingo ditut zapatuan.
Trikimailuen gakoak esan daitezke?
Ez dira kontatu behar, sekretua dira. Benetako magoen lehen araua hori da. Orain, Internetarekin-eta azalpen asko lor daitezke, baina urteetan magia oso ezkutuan egon da, ez da egon oso eskuragarri.
Magia existitzen da?
Bai, noski. Magia ilusionismoa da. Jendeak bizi egiten du, gozatu. Magiaren atzean trikimailuak daudela? Bai, noski, denok dakigu hori horrela dela, baina magia magia da.
Txisteratik egunaren antolaketan ibili zara aurten ere. Zer ikusi ahal izango da egunean zehar?
Iazko formatuaren oso antzekoa izango da aurtengoa. Goizean, gertuko magia egingo dugu Imanol Ituiñok, Armandok eta hirurok. Ondoren, karpa magikoa izango da Perez Arregi plazan. Iaz karpa saio guztietan bete zenez, aurten handiagoa jarriko dugu, 100 lagun sartuko dira. Saioak 13:00etan, 16:30ean eta 17:30ean izango dira. Eguna bukatzeko, berriz, Gala Nagusia izango da Soreasu antzokian, 19:00etan. Imanol Ituiño ariko da aurkezle lanetan, eta Tuttilifamilik, Amadeok, Armandok eta Civi Civiac fakirrak parte hartuko dute. Artista oso onak dira, hainbat sari jaso dituzte Espainian eta Europan.
Zer balorazio egiten duzu aurreko edizio hartaz?
Eguna iritsi aurretik, egitasmoak arrakasta izan zezan nahi genuen, eta halaxe izan zen. Jendeari interesa sortzea posible zela ikusten genuen, magia txundigarria delako, baina bagenuen beldur pixka bat ere. Egia esan, herritarren erantzun hura ez genuen espero; Soreasu bete egin zen, karpako emanaldiak ere bai, kalean egindako gertuko magia saioek ere jendetza bildu zuten... Magoek ere esaten zuten izugarria izan zela. Haiek zioten magoen eta herritarren arteko izotza haustea zaila izaten dela normalean, eta Azpeitian ez zitzaiela batere kostatu hori puskatzea. Are gehiago, esan ziguten toki batera iritsi orduko jendea zain zutela. Herritarrek oso ondo erantzun zuten.
Magiari tartea egin diozue Azpeitian. Baina, oro har, nolakoa da magiaren egoera Euskal Herrian?
Hainbat tokitan egiten dira jaialdiak, baina ez dira asko. Magoak badira Euskal Herrian, aukera bada magia jaialdiak antolatzeko, baina magiaren kultura ez daukagu oso barneratuta.
https://www.youtube.com/watch?v=6qarxL2iKFk
MOTZEAN
Mago bat?
Jorge Blass.
Magia jolasak egiteko elementu bat?
Kartak.
Magia saioa egiteko toki bat?
Soreasu antzokia.
Zer desagerraraziko zenuke?
Andereñoa.
Ikusezina bazina, zer egingo zenuke?
Banketxe batean lapurreta.