Aldaketekin, baina badator zinemazaleen paradisua

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ira. 20a, 10:20

Gaur hasiko du Paradisu Zinema zineklubak ikasturte berria, 'Le grand cahier' filmarekin. Dinamoan izango dira saioak aurrerantzean, hileko hirugarren asteazkenetan, 21:00etan. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da.

Paradisu Zinema zineklubeko kideak. (Azpeitiko Argazki Elkartea) Udako oporren osteko ajeari aurre egiten laguntzeko, astegunak arintzeko edo, besterik gabe, zinemaz gozatzeko aukera herritarren eskura jarriko du ikasturte honetan ere Paradisu Zinema zineklubak; izan ere, aldaketekin, baina gaur hasiko dute ikasturtea. 21:00etatik aurrera Le grand cahier (Hungaria, 2013) filma ikusi ahal izango da. Egin dituzten aldaketen arteanĀ  tokiarena da nabarmenena: aurrerantzean, Dinamoa sorgintza gunean izango dira emanaldiak. Xabier Gantzarain Paradisu Zinema zineklubeko kideak azaldu duenez, hainbat arrazoi tarteko hartu dute erabakia. "Duela bi urte-edo aire zabalean eskaini behar genuen film emanaldi bat Sanagustin kulturgunean egin genuen eguraldiagatik. Ez genion zinema areto itxurarik eman guneari, aulkiak eta mahaiak ohiko tokian utzi genituen, eta zinekluberako formatu egokia zela pentsatu genuen". Horrez gain, Gantzarainen ustez, "zerbait berezia" izan behar dute zineklubeko emanaldiek: "Dinamoak ematen du aukera emanaldiak informalago egiteko, herritarrekin harremanak sendotzeko, ondorengo solasaldiak sustatzeko... Oro har, emanaldiak goxoagoak bihurtzeko". Edukierari dagokionez, ez du arazorik ikusten Gantzarainek, Dinamoan 50 lagun inguru "oso ondo" sartzen direlako eta zineklubaren emanaldietan 30-50 lagun artean izan ohi direlako. Hemendik aurrera, hilean behin eskainiko dituzte saioak, eta horien eguna ere aldatu egin dute. Halabeharrik ezean, hileko hirugarren asteazkenetan izango dira emanaldiak. Urtea bukatu bitartean honako film hauek izango dira: urriak 18, Estiu 1993 (Katalunia, 2017); azaroak 22, Rara (Txile, 2016); eta abenduak 20, La Belle Saison (Frantzia-Belgika, 2015). Urte hasieratik zineklubeko bonoa dutenek doan ikusi ahal izango dituzte urtea bukatu bitartean eskainiko dituzten emanaldiak. Gainerakoek, hiru euro ordaindu beharko dute sarrera. #AnnapurnaII_86 Ikasturte berria beste proiektu bat eskuen artean dutela hasi dute Paradisu Zinemako kideek. Hain zuzen ere, 1986an Azpeititik Annapurnara (Nepal) egin zuten espedizioaren dokumentala berreskuratzeko eta berria egiteko finantzaketa kolektibo kanpaina jarri zuten martxan zineklubak eta Kulturaz Kooperatibak joan zen zapatuan. Proiektua diruz lagundu nahi dutenek www.goteo.org webgunean egin dezakete ekarpena. Egitasmoaren sustatzaileek 10.000 euro biltzea dute xede egitasmoa gauzatu ahal izateko, eta dagoeneko 2.500 bat euro jaso dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide