Anaitasunak eta Lagun Onakek lagunarteko bana jokatuko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko abu. 4a, 10:31

Lagun Onak taldea, aurreko denboraldian. (Julene Frantzesena) Joan zen uztailaren 27an egin zuten Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko egutegiaren zozketa Euskadiko Futbol Federazioaren egoitzan. Urola Kostako bi talde ariko dira multzo horretan datorren denboraldian: Azkoitiko Anaitasuna eta Azpeitiko Lagun Onak. Abuztuaren 26-27ko asteburuan hasiko da denboraldia, eta Anaitasunak Deustoren kontra etxean eta Lagun Onakek Santurtziren aurka kanpoan jokatuko dituzte norgehiagokak. Hamargarren jardunaldian, urriaren 22-23ko asteburuan, jokatuko dute lehen derbia bi taldeek, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Bigarren derbia, berriz, 2018ko martxoaren 10-11ko asteburuan izango da Txerloian. Denboraldia hasteko aste batzuen faltan, dagoeneko hasi dute denboraldi-aurrea bi taldeek, eta hainbat lagunarteko neurketa jokatuko dituzte datozen egunetan. Lagun Onakek lau partida jokatuko ditu: Reala Bren aurka bihar, 19:00etan, Garmendipen; Vitoriaren kontra abuztuaren 12an, 11:30ean, Arrate zelaian; Durangoren aurka abuztuaren 16an, 19:00etan, Tabira zelaian; eta Hondarribiaren kontra hilaren 19an, 11:30ean, Hondartzan. Anaitasunak ere lau neurketa jokatuko ditu: bihar, 11:00etan, Vitoriaren kontra, Txerloian; hilaren 9an, 19:30ean, Durangoren aurka kanpoan; hilaren 12an Beasainen kontra Txerloian, 18:00etan; eta hilaren 17an Zarautzen aurka, etxean, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide