Esklabetako geltokiak deuseztatuta, Sanjuandegin geldituko dira autobusak aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 15a

Zubi berriaren lanak bukatuta eta Etxebeltz-Izarra eremua trafikoarentzat egokituta, aurki hasiko dira autobusak ibilbide berria egiten. Horregatik, Esklabetako geltokiak kendu eta Sanjuandegikoak jarriko dituzte berriz martxan. Udalak dio Lurraldebusen onespena eta aldundiaren baieztapenarekin hartu dutela erabakia.

Zubi berria. (Azpeitiko Udala) Iazko apirilean, Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra arteko zubia eraikitzeko obrak hastearekin batera, Sanjuandegiko autobus geltokiak Esklabetako elizaren aurrera pasatu zituen udalak behin-behinean, erakundearen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren adostuta. Ordutik, han izan dira bi norabideetako geltokiak, baina datozen egunotan hasiko dira autobusak Sanjuandegin, igerilekuaren aurrean, gelditzen. Geltokiek harrotu dituzte hautsak; izan ere, herritar batzuek Esklaben aurrean mantentzea eskatu zioten udalari, eta igerileku aurrera lekualdatzea beste batzuek. "Egoeraz jakitun" eskaerak eta proposamenak jasotzeko bilera irekia egin zuen udalak joan zen ekainaren 7an. Udalaren arabera, bi ibilbideak dira teknikoki egokiak, baina herritarrek artean adostasun nahikorik ez zegoelako Sanjuandegiko geltokia berriz martxan jartzearen eta Esklabetakoa kentzearen alde egin du udalak. "Hala ere, parte hartzerako ordenantzak arautzen dituen pausoen bidez proposamenak egin ahalko dira", azaldu du udalak. Erakundeak azaldu duenez, joan zen ekainaren 22an joan ziren udaleko, Lurraldebusekoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak zubira, autobusaren ibilbide berria ikustera eta aztertzera. Udalak jakinarazi duenez, "han ikusitakoaren arabera, hurrengo egunean, ibilbidearen alternatiba berri bat eta horretarako egokitzapenak" egiteko proposamena bidali zion aldundiko Garraio Ikuskaritzak udalari. Udalak dio "saiatu" zela alternatiba desberdinak aztertzen trafikoaren noranzkoan aldaketarik ez egiteko, baina handik egun gutxira aldundiaren proposamena aintzat hartu zuela dio. Horrez gain, erakundeak azaldu du Etxebeltz-Izarrako bizilagunen zenbait ordezkariri jakinarazi ziola trafikoaren probak eginda, Lurraldebusek hainbat egokitzapen egitea eskatu zuela eta horiek egin egingo zituztela. Ostegunean Lurraldebuseko teknikariak auzoan izan ziren egokitzapenak ikusten, eta udalak esan du "arazorik ezean" aurki hasiko dira autobusak handik pasatzen, atzo baitzen udala aldundiari autobusentzat ibilbidea prest dagoela jakinaraztekoa. Udalarena da erantzukizuna, aldundiaren arabera Autobus geltokien aferari lotuta, atzo arratsaldean ohar bat kaleratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailak. Haren arabera, alkatearena eta Udal Gobernuarena da gaiari lotuta hartu diren erabakien erantzukizuna, eta haiei dagokie herritarrei erabakiaren kudeaketa azaltzeko ardura. Gainera aldundiak azaldu du alkateak eta Udal Gobernuak erabaki dutela autobusek geldialdiak Sanjuandegin egitea. Lotura honetan irakur daiteke oharra osorik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide