ISBk "salbuespen moduan" jokatuko du Urrezko LEB Ligan datorren denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko eka. 29a, 09:50

Akordioa sinatu dute ISBk, GBCk eta aldundiak.m Mailaz igotzeko 180.000 euro jasoko ditu ISBk, eta gustura dira klubeko kideak.

Iraurgi Saskibaloiko gizonen lehen taldeak, Sammic ISBk, Espainiako Urrezko LEB Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Herenegun sinatu zuen Azpeitiko klubak hori ahalbidetu duen hitzarmena Gipuzkoa Basketekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Akordioaren xedea da Gipuzkoako saskibaloia berrantolatzea, eta, horrenbestez, GBC izango da lurraldeko talde nagusia. Gipuzkoako bi taldeek lortu zuten mailaz igotzea joan den denboraldian, baina oraindik ikusteko dago GBCk ACB Ligan jokatuko duen edo ez. Izan ere, maila horretan jokatzeko eskatzen duten diru kopuruarekin ditu arazoak Donostiako taldeak. Halere, akordioa tarteko, GBC mailaz igo edo ez, ISBk Urrezko LEB Ligan jokatuko du. Hain justu, GBCk zer egingo duen ez zekielako egon da ISB ziurgabetasun egoeran oraintsu arte. Dena den, asteartean sinatutako hitzarmena tarteko, 180.000 euro jasoko ditu Azpeitiko klubak. Hala, epearen barruan dira ISBkoak izen-ematea ostiralean bukatzen den Urrezko LEB Ligan inskribatzeko. Joan den apirilaren 16an lortu zuen Sammic ISBk mailaz igotzea, denboraldiko azken aurreko partida irabazita. Ordutik mailaz igoko ziren edo ez jakin gabe egon ostean, ISBko kideak "gustura" eta "gogoarekin" daude. Hala azaldu du Maier Lizaso ISBko lehendariak: "Lehenengo ezezkoan egon ginen, ez baitzen ikusten Urrezko LEBen Gipuzkoako bi talde aritzeko modurik". Hark dio ISB "pixkanaka-pixkanaka harrobiko jendearekin" iritsi dela dagoen tokira, eta denboraldi bat egin nahi zutela Urrezko LEB Ligan. "Diru gutxirekin, ba gutxirekin, baina...". Eta lortu dute. "Salbuespen moduan", datorren denboraldia Urrezko LEBen jokatuko dute ISBkoek. "Halere, beti lehen taldea GBC izango da, eta datorren denboraldia bi taldeok Urrezko LEBen jokatu eta mailari eusten badiogu, ISB jaitsi egingo da". Halere, Lizasok uste du Gipuzkoako mutilentzat "onuragarria" izango dela hitzarmena. "Gipuzkoan egitura sendoa izango da aurrerantzean". Denboraldia prestatzen hasiko dira orain buru-belarri ISBkoak, eta "bertako" jokalarien aldeko apustua egingo dutela esan du Lizasok. "GBCk zer egiten duen ikusi beharko dugu, hitzarmenean jasota baitago bi taldeok akordioak erdietsiko ditugula jokalariak fitxatzerakoan. Eta orain arte ez genekienez zer mailatan ariko ginen, galdu dugu aukeraren bat edo beste".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide