Tradizioa berrasmatzeko ariketa

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko eka. 15a, 10:32

Ainhoa Juaristik HAU ideia lehiaketa irabazi du. (Julene Frantzesena) Euskal artzainek lekaleak edo egoskariak jateko erabiltzen zuten plater errektangularra da taloaskea. Antzinan Gorbeia inguruetako artisauek egiten zituzten pago zurezko ontziok, eta Ainhoa Juaristik (Azpeitia, 1994) tresna hura berrasmatu du. Hain zuzen ere, Bitamine Faktoriak antolatutako HAU diseinu lehiaketara aurkeztu zuen proiektua Industria Diseinuko Ingeniaritzako gradua duen eta Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak bukatzen ari den azpeitiarrak, eta berak eskuratu du lehen edizioko saria. Juaristi duela hiru bat hilabete hasi zen proiektuaren ideia lantzen, deialdiaren berri izan zuenean. "Ez zen lehiaketa batera aurkezten nintzen lehen aldia. Halakoetan koaderno bat hartzen dut, eta han idazten ditut ideiak, burura etorri ahala: materiala, forma, xehetasunak... Orri pila bat bete nituen". Azpeitiarrak dioenez, prozesuaren zati hori da egitea "gutxien" kostatzen zaiona. "Ez naiz zehazki horretan pentsatzen egoten, baina pasatzen ditut asteak modu inkontzientean buruari bueltaka. Askotan pentsatzen dut ezer ez dudala egin eta asko dudala oraindik egiteko, baina, finean, hasierako lan hori da garrantzitsuena. Dena den, gainerakoa egiten ez baduzu, lana ez da islatzen, eta hilabetean gauzatu nuen proiektua: hiru dimentsiotako diseinua, prototipoan probatu, egingarria zen aztertu, proiektua idatzi...". Lehiaketaren xedea da euskal kulturarekin lotura duen objektu tradizional bat gaurkotzea, eta antolatzaileek diseinu lehiaketaren lehen ediziorako hautatutako objektua, taloaskea, berrinterpretatu du. Hark dio taloaskea irakurri zuenean, "zer da hori?" galdetu ziola bere buruari, baina aurkitu zuen informazio apurrarekin lanean hasi zen. "Antolatzaileei galdetu nien nolako errekuperazioa egin behar zen; izan ere, forma, materiala eta erabilera aldatzeko aukerak ikusten nituen. Esan zidaten guztiz aske ginela nahi genuena egiteko, horrek diziplina desberdinetako jendeak parte hartzea ahalbidetzen zuelako eta horiek interpretazio berriak egin zitzaketelako". Juaristik antzinako taloaskea garaikide bilakatu du, tresna berrasmatuta, baina mamia mantenduta. "Banekien jendeak ez zituela lekaleak taloasketik jango, eta erretilu moduko zerbait egin dut. Materiala eta forma mantendu ditut, baina erabilera guztiz aldatu diot: mokadutxo edo errazioak ateratzeko erretilu gisa aurkeztu dut taloaskea. Hari barruan jarri dizkiodan platertxoek, berriz, une berezietan pintxoak ateratzeko balio dute". Hark dio gustatuko litzaiokela ideia interesgarria iruditzen zaion norbaitek proiektua gauzatzea; izan ere, ideia landuta badago ere, ez dago tresna merkatuan. Epaimahaiak azpeitiarraren lana saritu du, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai daude egunotan Donostiako San Telmo museoan. Juaristik uste du "erakusleihoa" dela hori: "Horrelakoek balio dute gure burua ezagutarazteko, industria diseinua lehiaketetara soilik bideratutako lanbidea ez dela eta alor askotara molda daitekeela ikusteko. Balio dezake diseinu kontu hutsetarako edo kultur arloko proiektuetarako". Lehiaketa irabazteagatik, 600 euroko diru saria eskuratu du Juaristik eta Bartzelonako Ramirez i Carrillo diseinu estudioan bost eguneko praktika egonaldia egiteko aukera izango du. Objektu zaharrak errekuperatuta, kultura eta tresna horien erabilera berreskuratu nahi izan dituzte. Eta Juaristik dio ideia "ona" dela: "Jende askok badaki orain zer den taloaskea". Juaristik egindako taloaskearen proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide