Basilio Urbistondo gudariak 100 urte egin ditu

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 30a

Udalaren eta senideen omenaldia jaso du mendeurrenean. Errepublikaren alde borrokatu zuen Eusko Gudarosteko San Andres batailoian.

Basilio Urbistondo senideekin eta udal ordezkariekin. (Azpeitiko Udala) Gaur, maiatzak 30, 100 urte bete ditu Basilio Urbistondo gudari urrestildarrak. Eguerdian eguneko zentroan zoriondu dute Eneko Etxeberria alkateak, Estitxu Elduaien alkateordeak, zentroko kideek eta senitartekoek. Urbistondo 1917an jaio zen Txarabarrena baserrian. 1936ko gerra hasi zenean, Urrestillatik alde egin eta lehenengo Zumaiara eta gero Ondarroara joan zen Txabarrengo semea, beste gudari batzuekin batera. Bere hiru anaiarekin batera, Errepublikaren alde borrokatu zuen Eusko Gudarosteko San Andres batailoian. Kantabrian hartu zuten preso, eta hamaika hilabetez gatibu izan zuten Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan. Afrikan ere izan zuten langileen batailoian, 1943an Azpeitira itzultzea izan zuen arte. Gaur, zorion agur eta txaloen artean, bere kantu eta oihu gustukoena esanez eman dizkie eskerrak ingurukoei: "Gora Euskadi askatuta!". 2015eko irailean Azpeitiko Udalaren omenaldia jaso zuen Urbistondok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide