Festen antolatzaileak, parte-hartzaileak eta auzokideak. (Maialen Etxaniz)
Hiru egun eta ordu batzuk falta dira Mantangorri Sanjuandegira iristeko eta auzoko festak ofizialki hasteko. Baina, gaurtik ostiralera bitarterako ere hainbat ekitaldi antolatu dute XJ Auzolaneaneko kideek.
Gaur 19:00etan
Transexualitatea lehen pertsonan izenburupean hitzaldia eskainiko du Xabier Lozanok. Txiki-Txoko ludotekan izango da solasaldia, eta, ondoren, afari tertulia egingo dute Jose Antonio Agirre plazan. Bihar, berriz, urtero legez, bertso afaria egingo dute Baigera IIn. Alaia Martin eta Unai Mendizabal ariko dira bertsotan, 21:00etatik aurrera.
Etzirako ere prestatu dute ekitaldirik. 19:00etan hasita, kantu-jira eta pintxo-poteoa egingo dituzte. Gero, 22:00etan, Mus Txapelketa izango da Ongi Etorri erretegian. 21:00etatik aurrera eman ahal izango da izena, eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du. Hainbat sari izango dira jokoan: irabazleek 600 euro, txapelak eta garaikurrak jasoko dituzte; azpitxapeldunek, 400 euro eta garaikurrak; hirugarren sailkatuek, 250 euro; eta laugarrenek, 150 euro. Txapelketaren ordu berean, 22:00etan, hasiko dira Eztarri Urratuaken eta Ekizaren kontzertuak Jim Clarck eta Garoa tabernen atarian.
Festa ostiralean lehertuko da, ordea. 18:50ean zabalduko dituzte karpa eta txosna, eta 19:00etan iritsiko da itxura berritutako Mantangorri auzora. Hain zuzen ere, Iban Bergara Aztia txotxongilogileak egin du Mantangorri berria.
Hainbat berrikuntza
Mantangorri itxura aldatuta iristeaz gain, beste hainbat berrikuntza izango dira aurtengo festetan. Batetik, hain arrakastatsu izan ohi den Jose Mari Orbegozoren dantza eskolako ikasleen emanaldirik ez da izango aurtengo jaietan. Izan ere, ostiral gauez eskaini ohi zuten Orbegozok eta haren ikasleek ikuskizuna, eta aurten beste emanaldi bat egokitu zaio dantzariari. Hala, Kupelaren erromeriak ordezkatuko ditu dantzok.
Bestetik, larunbat goizean, judo erakustaldiaz gain, xake txapelketa eta triatloi proba izango dira. Eta horiez gain, 18:00etan, Azpeitiko bi auzotako kideen arteko erronka izango da lehen aldiz. Sanjuandegiko taldeak aurrez aurre izango du Urrestillakoa.
Askotariko kontzertuak
Askotariko musika emanaldiak antolatu dituzte festetarako. Osteguneko kontzertuez gain, Kupela, Baserriko Ollaxkuek Labien, The Potes, Laket, Ostertz, Izei eta La Jodedera taldeak izango dira auzoko oholtzetan. Horiez gain, Xugua, Jos_U , Alexander Loop nahiz Elepunto DJen emanaldiak izango dira. Gainera, udal musika bandak kontzertua eskainiko du zapatu eguerdian, eta RKR elektrotxarangarekin kalejira izango da arratsaldean. Trikiti Txapelketaren V. edizioa ere egingo dute larunbat arratsaldean, 17:00etan hasita.
Ekitaldiek, segida
Herritarrek igandean esango diote agur Mantangorriri, baina festetako egitaraua ez da agur horrekin bukatuko. Izan ere, hilaren 10ean, 16:30ean hasita, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Mantangorri Saria txirrindularitza probaren hirugarren edizioa jokatuko dute. Igandean, berriz, Peruren aldeko III. Elkartasun Krosa izango da, 12:00etatik aurrera.
SANJUANDEGIKO FESTEN EGITARAUA:
09:00. Gosaria eta auzolana.
18:50. Txosna eta karpa irekiera.
19:00. Mantangorriri ongietorria.
19:05. Erraldoien kalejira.
21:00. Gazte afaria.
23:00. Kupelaren erromeria.
23:00. Baserriko Ollaxkue Labien, The Potes eta Laketen kontzertuak karpan.
02:00. Xugua, Jos_U eta Alexander Loop DJen emanaldiak.
10:00. Gaztetxoen triatloi proba.
10:30. Xake txapelketa herrikoia.
11:00. Judo erakustaldia.
12:30. Bandaren kontzertua.
14:00. Triki-pintxo-poteoa.
15:00. Auzo bazkaria.
17:00. V. Trikiti Txapelketa.
18:00. Auzoen arteko erronka: Sanjuandegi vs. Urrestilla.
19:00. Galdeketatik urtebetera, Prest! mosaikoa.
19:15. Buruhandiak eta RKR elektrotxaranga.
21:00. Parrillada.
23:00. Ostertz, Izei eta La Jodederaren kotzertuak.
Ondoren, DJ Elepuntorekin gaupasa, karpan.
05:00. Guatekea.
06:00. Txokolatada.
07:00. Sokamuturra.
08:00. Gaupaseroen jolasak eta argazkia.
09:00. Salda.
12:00. Dantzari Txikiak.
16:00. Zezen txikiak.
18:30. Herri Kirolak.
20:00. Agur Mantangorri!
16:30. Mantangorri Saria txirrindularitza proba.
11:00. Peruren aldeko III. Elkartasun Krosa.