Alex Aizpuru 'Etxaun': "Ondo pasatzea eta lasterketa bukatzea dira zapaturako nire helburuak"

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 19a, 10:23

Alex Aizpuru. (Mailo Oiarzabal) Lehen aldiz irtengo da errepidera lasterketa batean Alex Aizpuru Etxaun (Azpeitia, 1995) zapatuan, Azkoitiko Rallysprintean. Citroen Saxo 16v autoa gidatuko du azpeitiarrak, Xuban Aranbarri Ziripot azkoitiarra kopilotu duela. Zure lehen lasterketa izango da. Nola prestatu duzu? Kart-etan ibilita nago, baina aurreneko auto lasterketa izango dut, bai. Kotxea neure kasa ari naiz prestatzen, lokalean, lagunei galdetuta, puntuan jartzen. Pixkanaka. Entrenamenduak egin ahal izateko zirkuitura joan behar izaten da, baina oraindik ez dut eraman. Zer helburu jarri diozu zeure buruari zapatuko lasterketarako? Ondo pasatzea eta lasterketa bukatzea dira nire helburuak. Lehenengo karrera da, eta momentuz xuabe hartu beharko dugu. Noiztik zenuen buruan lasterketa batean parte hartzearen ideia? Gogoa aspalditik nuen. Txikitatik gustatu izan zait, betidanik izan dut afizioa. Orain dela hiru bat urte erosi nuen kotxea eta pixkanaka joan naiz jartzen, gutxinaka-gutxinaka, diru asko behar izaten da eta. Eta zergatik aukeratu duzu Azkoitiko rallysprinta? Lagun bat irten zen Azpeitikoan, orain dela hilabete inguru. Berotu egin ginen, eta pentsatu nuen neuk ere prestatu behar nuela Azkoitikorako. Bidea ere zertxo bat ezagutzen dut, eskola joaterakoan handik ibiltzen nintzen. Jarraitzeko asmoa duzu ala zerbait puntuala izango da zapatukoa? Oraingoz karrera hauxe daukat, baina gehiago egiteko asmoarekin nago. Kotxea prestatuta dago, gastua eginda dago jada, eta beste lasterketaren batzuk ere egingo ditugula espero dut. Dena ondo joaten bada, eta kotxea ez badugu puskatzen, behintzat! Aurten ez ditut asko egingo baina, gustura sentitzen banaiz, hurrengo urtean denboralditxoa egitea gustatuko litzaidake, ahal dudan karrera gehienetan parte hartzea. Asteburutan lan egin behar izaten dut eta, beraz, ez dut nahi dudan denbora guztia izaten, baina gustatuko litzaidake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide