Herriko eragileetako kideak jardunaldien aurkezpenean. (Maialen Etxaniz)
"Herri bezala nola ari gara hezten? Nola nahi dugu hezi? Nolako herria nahi dugu?". Hezkuntza formaleko eta ez formaleko eragileek galdera horiei elkarlanean erantzuteko antolatu dituzte Herri Hezitzailea jardunaldiak maiatzaren 6rako. Azpeitia herri hezitzailearen filosofian "nola txerta daitekeen erabakitzen hasteko" antolatu dituzte jardunaldiak, eta herriko hainbat eragiletako kideek beren esperientziak azalduko dituzte solasadi laburren bidez. Sanagustin kulturgunean izango dira jardunaldiak, 09:00etan hasita.
Egungo gizarteak "heziketaren ardura familiengan eta ikastetxeengan" uzten duela esan du Leire Goenaga zinegotziak, baina, haren arabera, hezkuntzaren ardura herri osoarena ere bada. Horregatik, herri hezitzailea izatearen garrantzia azpimarratu du Goenagak, eta azaldu du jardunaldien helburua dela hezkuntza eredu euskalduna, parte-hartzailea, aktiboa, berdintasunean oinarritutakoa eta ingurumen natulara zein kulturala errespetatzen dituena martxan jartzea.
Halere, Goenagak adierazi du herri hezitzailearen etiketa erabili gabe, filosofia horrekin bat egiten duten dinamika eta egitasmo "ugari" egiten direla herrian: "Jardunaldiak izango dira orain arte eginikoari testuinguru orokor komuna emateko aukera". Maite Azpiazu arduratu da jardunaldien koordinazioaz, eta hark esan duenez, herri hezitzailea "filosofia aldaketa" da: "Egiteko moduak birpentsarazi nahi dizkigun mugimendua da, hain zuzen".
Edonork har dezake parte saioetan, baina izena aurrez eman behar da herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 71 60 telefonora deituta.
Herri Hezitzailea saioak
09:00. Harrera eta material banaketa.
09:15. Jardunaldien aurkezpena.
09:30. Haurren aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzen saioa Lorea Agirreren eskutik.
10:00. Herritarron udala, Azpeitiko Udala solasaldia.
10:15. Ikasberri Ikastolako Kimu proiektuaren aurkezpena.
11:00. Iraurgi Ikastetxeko Start Now proiektuaren aurkezpena.
11:15. Baloreen azoka hitzaldian Azoka Herritik eta Azoka Plaza berriaren proiektuak azalduko dituzte.
11:30. Karmelo Etxegarai Ikastolako Haur Hezkuntzako eraikinaren eraldaketa prozesua izango dute hizpide.
11:45. Auzolanaren Kultura, XJ Auzolaneanen solasaldia.
12:00. Kafe tertulia.