Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbitea luzatu du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 24a

Iaz Azpeitian 7.541 errenta aitorpen aurkeztu ziren, eta horietatik 3.027 egin ziren euskaraz (%40,14). Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen" bultzatu nahi du Azpeitiko Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundia 2017ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina hasi da, eta azken urteetako legez, azpeitiarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu Azpeitiko Udalak. Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izatea" bultzatu nahi dute. Izan ere, "errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da", haien arabera. Urtez urte gora ari da egiten errenta aitorpena euskaraz egiten duten azpeitiarren kopurua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, iaz Azpeitian 7.541 errenta aitorpen aurkeztu ziren, eta horietatik 3.027 egin ziren euskaraz, %40a pasatxo.

Errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta udalak azaldu duenez, "euskaraz egiteko ez aparteko zailtasunik".

"Errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da ", adierazi du udalak. Urratsa "sendoa" izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea "beharrezkoa" dela diote, eta hautu horretan eragin nahi du aurtengo kanpainak, "euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".

Hemen, azken urteotan Azpeitian euskaraz egin diren aitorpenen datuak:
  • 2008an: 2.027 aitorpen egin ziren euskaraz (%27,76).
  • 2009an: 2.227 aitorpen egin ziren euskaraz (%28,23).
  • 2010ean: 2.260 aitorpen egin ziren euskaraz (%29).
  • 2011n: 2.387 aitorpen egin ziren euskaraz (%30,52).
  • 2012an: 2.453 aitorpen egin ziren euskaraz (%31,86).
  • 2013an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz (33,83).
  • 2014an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz. (%33,83)
  • 2016an: 3.027 aitorpen egin ziren euskaraz. (%40,14)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide