Alex Txikon eta Mikel Larrañaga apustua itxi duten unean. (Julene Frantzesena)
Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Alex Txikon mendigoizale lemoarrak harrijasotze, aizkora eta korrika apustua hitzartu dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Mendizabal tabernan. 19:00ak pasatxoan jarri dira bi aldeak mahaiaren bueltan, eta ordubetetik gora behar izan dute apustua ixteko. Egin beharreko lanak adostu eta apustua itxi izanagatik, hitzartutakoarekin gustura ez direla gelditu adierazi dute bi kirolariek eta haiei negoziatzen laguntzera joan diren lagunek.
Uztailaren 1ean jokatuko dute apustua 19:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Bi kirolariek harria 20 aldiz jaso beharko dute; Txikonek hamar kanaerdiko ebaki beharko ditu, eta Larrañagak hamabi; horrez gain, 7,5 kilometro egingo dituzte korrika. 6.000 euro jarri dituzte jokoan, eta 1.000na euro aurreratu beharko dituzte, seinale bezala. Ebaki beharreko enborrak Txikonek jarriko ditu, baina, egunean bertan, bien artean erabakiko dute zeinek zeintzuk ebakiko dituen.
Apustua adosteko negoziazioa estua izan da. Bi aldeek kirolari batek besteari lan batean edo bestean atera diezaioken aldea jarri dute behin eta berriz mahaiaren gainean. Txikonen aldekoek Larrañagak hari aizkoran atera diezaioken aldea nabarmendu dute, eta Larrañagaren aldekoek, berriz, Txikonek aizkolariari korrika atera diezaioken abantaila. Hasierako proposamenean aldaketak eginda, baina itxi dute apustua bi aldeek.
Hasiera batean, Txikonek Larrañagari erronka bota zionean, apustua ekainaren 24an jokatzea proposatu zion mendigoizaleak. Baina, gaur, akordioa itxi ostean eguna aldatzea erdietsi dute.