Porrotetatik ikas daiteke ibiltzen

Julene Frantzesena 2017ko mar. 29a, 11:17

Une ikaragarri ona bizi dute Azpeitiko Lufe altzari enpresan. Zurezko altzariak egin eta prezio baxuan saltzen dituzte Internet bidez. Izan duen arrakastarekin "oso pozik" dago Enrique Arrillaga enpresaren arduraduna.

Enrique Arrillaga Lufe enpresaren arduraduna. (Julene Frantzesena) Nolako zura, halako ezpala, dio atsotitz ezagunak. Eta esapide horrek ondo islatzen du Enrique Arrillagak (Eibar, 1967) esku artean duen proiektua. Bertako zura erabiliz, arrakasta itzela izan duten altzariak egiten dituzte duela urte gutxi zabaldu zuten Lufe enpresan. Ilusiorik eta lanerako gogorik ez zaio falta  enpresaren arduradunari. Azpeitiko Anardi industrialdean du lantegia Lufek. Eta dagoeneko bada hari "Euskal Ikea" deitzen dionik; izan ere, prezio baxuko altzariak ekoizten eta saltzen dituzte bertan. Arrillagaren arabera, egurraren kalitatea, prezioak eta bezeroei eskaintzen dieten zerbitzua dira proiektuaren balio erantsia. "Gure filosofia da kantitate handiak ekoiztea, herritarrei saltzeko. Pentsatzen duguna da: ‘Ikea bezalako enpresa handi bat gure produktuak erostera badator, zein da eskain geniezaioken preziorik onena?’. Ba horixe eskaintzen diogu norbanakoei ere". Halere, jakitun da, oraindik ere, "merkea" eta "ona" hitzak ez direla bateragarriak jende askorentzat. "Batzuek esango dute 30 euroko ohe bat ondo dagoela oporrak igarotzen dituen etxerako... Errespetatzen dut, baina nik horrelako batean egiten dut lo egunero-egunero, eta gustura nago. Txipa aldatu behar dugu. Izan ere, zergatik izan behar du merkeak kalitate txarrekoa?". Arrillagak azaldu duenez, lau ezaugarri dituzte Lufe altzariek: batetik, bertako pinua erabilita, bertan ekoizten dute; bestetik, unibertsalak dira produktuak, edonork eros ditzakeelako; horrez gain, diseinu guztiek funtzio jakin bat dute; eta, azkenik, produktuak ekologikoak dira. Momentu gozoa Une gozoa bizi dute Lufe enpresan. "Oso gustura geunden. Egunean 2.000 bisita inguru zituen webguneak, eta ondo ari ginen lanean. Atera genuen prentsa ohar bat duela hilabete gutxi batzuk, eta zabaltzen joan da Luferen izena", azaldu du. Haren arabera, egiten dutenarekin "disfrutatzea" da garrantzitsuena. "Norbaiti gauzak ondo doazkionean pentsatzen dugu: 'A ze zortea duen'. Eta, bai, egia da, zortea dugu. Baina, agian, zerbait ondo egiterako lau proiektu gaizki atera behar zaizkizu". Bere bizipenez ari da Arrillaga; izan ere, egun momentu gozoan dagoen arren, bizipen gogorrak ere egokitu zaizkio. "Bizitza profesionalean mila proba eta saiakera egin ditut, proiektu ugaritan sinetsi eta lan egin dut, eta esfortzu ikaragarria eginagatik, orain arteko guztiek porrot egin dute", azaldu du. "Ezer gabe gelditu nintzen, baina gaizki ateratako proiektu haietan ikasitakoa hartu dut. Hondoratu egiten gara zerbait gaizki ateratakoan, baina gaizki ateratako gauza guztietatik har daiteke zerbait positiboa". Dabilenari gertatzen zaizkio halakoak, baina porrot horiek ez dute kikildu Lufe enpresaren arduraduna. "Beti pentsatu izan dut proiekturen batek funtzionatu behar zuela", dio barre artean. Badu barre egiteko motiborik, Lufe altzari enpresa ikaragarrizko arrakasta izaten ari baita. Eta arrakastaren giltza non dagoen galdetuta, zera dio Arrillagak: "Ba gauzak egin behar diren moduan egitean: lan asko egin, saiatu eta egiten duzun horretan sinetsi behar da. Eta halakoetan, askotan, gauzek funtzionatu egiten dute. Egia esan, zerbaitek ondo atera behar zuen". Enpresa txikia Zortzi langilek osatzen dute Lufe, baina aurrera begira, eta gauzek bide onetik jarraitzen badute, taldea handitzea aurreikusten du Arrillagak. Halere, hark dio beste enpresa batzuekin elkarlanean ari direla gaur egun. "Oso negozio eredu desberdina da gurea. Luferen bueltan jende asko ari da lanean, kolaboratzen dugu beste enpresa batzuekin, eta txikiak gara, baina bagara zerbait", azaldu du. Batez ere, Espainiako merkatura begira aritu dira orain arte lanean, nahiz eta Frantzian, Herbeheretan, Belgikan nahiz Ingalaterran ere hasi diren lanean. "Gure xedea da Espainian lan asko egitea, eta datorrenari erantzutea. Baina oinak lurrean jarrita jarraitu behar dugu, ez baitugu esportaziorako plan argirik oraingoz". Arrillagak dio "modu naturalean, eskaeren arabera" ari direla hazten. "Ez gara hazteko aurrez inbertsioak egiten ari. Ez dugu horretarako ahalmenik. Pixkanaka-pixkanaka ari gara lanean, baina urte bukaerarako zertxobait haztea aurreikusten dugu". Interneten ditu erakusleihoa eta saltokia Lufek, baina Azpeitian lantegia. "Noraezean", Luferen ideiari bueltaka hasi zenean, Begar enpresako Lander Garateren laguntza izan zuen Arrillagak, eta, ondoren, Larrañaga zerrategikoena, haiek ere "gauzak erraztu" baitzizkioten. "Oso gustura nago Azpeitian egin zidaten harrerarekin eta jaso dudan laguntza guztiarekin". Arrillagak dio inork gutxik uste zuela proiektua ondo aterako zenik, baina "saiatu beharra" zuela azaldu du. "Ezin nuen ezer gehiago galdu. Eta orain funtzionatzen ari da. Proiektu polita dugu esku artean, eta saiatu behar dugu gauzak ondo egiten eta zaintzen. Bururik galdu gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide