Ibilbide berriarekin dator Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren XXIV. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 21a, 16:47

Ia 800 lagunek eman dute izena proba herrikoian eta maratoi erdian. Hilaren 30era arte zabalik izango da izena emateko epea. Ibilbide "hobea" prestatu dutela uste dute probaren antolatzaileek.

Probaren antolatzaileak, babesleak, bi udaletako eta aldundiko ordezkariak eta Garciaren familiakoak gaurko aurkezpenean. (Julene Frantzesena) Dagoeneko hasi da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiarako atzera kontaketa. Aurtengoa, probaren XXIV. edizioa, apirilaren 1ean izango da, eta antolatzaileak azken xehetasunak prestatzen zabiltza buru-belarri. Gaur egin dute probaren aurkezpen nagusia antolatzaileek, babesleek, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek eta Diego Garcia zenaren senideek. Agustin Jimenez maratoi erdiaren zuzendariak Azkoitia-Azpeitiaren nortasuna azpimarratu du. Hark gogorarazi du probaren helburu nagusietakoa eliteko kirolariak eta lasterkari herrikoiak proba beraren bueltan elkartzea dela. "Euskal Herrian ez dago horrelako izaeradun probarik; Azkoitia-Azpeitia da eliteko probarik herrikoiena". Horri lotuta, esan du Diego Garcia (Azkoitia, 1961-2001) zenaren izaerarekin bat egiten duela probak, eta aurtengo lasterketari Diego bezain handia leloa jarri diete. "Diegoren handitasunaren erakusle da kanpainaren leloa". Azken urteetako legez, eta Garciaren ametsa egi bihurtuz, patinatzaileen lasterketa (16:40), lasterketa herrikoia (16:45) eta maratoi erdia (17:00) aurtengo edizioan ere. Izango da aldaketarik, baina, aurtengo probetan. Izan ere, ibilbidea aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Jimenezek azaldu duenez, ibilbide berria "hobea" izango da. "Linealagoa, seguruagoa eta gora-behera gutxiagokoa da. GI-631 errepidea ez da guztiz itxiko, tarteka soilik. Gainera, lehengo ibilbidearen hainbat zati aldatu ditugu, eta uste dugu hobea dela ibilbidea bai lasterkarientzat eta bai ikusleentzat". Ia 800 lagun izena emanda Probarako bi aste pasatxoren faltan, ia 800 lagunek eman dute izena probetan. Maratoi erdirako, esaterako, 650 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko. Jimenezek esan duenez, iaz sasoi honetarako izena emanda zeudenak baino 100 lagun gehiagok. Hori bai, hark azpimarratu du 650 horietatik 281 direla gipuzkoarrak, iaz baino %22 gutxiago. Proba herrikoian, berriz, 136 lagunek eman dute izena. Horietatik 69 dira gizonek eta 67 emakumeak, eta probaren antolatzaileak gustura agertu dira emakumeen eta gizonen kopurua bertsua delako. Dena den izen-ematea zabalik izango da probak baino bi egun lehenagora arte. Interneten, www.kirolprobak.com webgunean, edo Azpeitiko eta Donostiako Robers eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan eman daiteke izena. Dortsala eskuratzeko ordaindu beharreko diru kopurua igotzen joango da egunek aurrera egin ahala. Eliteko kirolariak Urteroko legez, eliteko kirolarien presentziaz gozatu ahal izango da maratoi erdian. Jimenezek azaldu duenez, zortzi izen baiezta ditzakete gaur gaurkoz. Titus Kipjumba keniarra, Ameraw Bekele etiopiarra, Joseph Kiprono keniarra, Emmanuel Bor keniarra eta Elias Kibrek gizonetan, eta Betarice Mutai keniarra, Leonidah Jemwetich keniarra eta Deni Jisa barhaindarra. Antolatzaileek azaldu dute, litekeena dela emakume horiek probaren errekorra haustea. Lasterketen egutegia dela eta, ez dute eliteko kirolari gehiagoren izenik baieztatzerik izan Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileek, baina, halere, gehiago bertaratzea ez dutela baztertzen azaldu dute. Proben irabazleek Mikel Sanjuan tailugileak egindako oroigarriak jasoko dituzte. Aurten, gainera, dominak banatuko dizkiete lasterketak bukatzen dituzten kirolari guztiei. Horrez gain, dortsalak jasotzean, elastikoak eta kirol poltsak banatuko dizkiete. Azpeitiko Udalak lasterketetan parte hartzen duten herritarren artean bi afari zozkatuko ditu. Hainbat zerbitzu Lasterketa aurretik, 12:00etatik 16:30era, banatuko dituzte dortsalak Azkoitiko Julio Urkijo kalean, irteeratik 200 metrora. Han arropak uzteko zerbitzua ere eskainiko dute, eta proba bukatzean jaso ahal izango dituzte horiek helmugaren ondoan. Ohiko moduan, dutxa eta aldagela zerbitzuak eskainiko dituzte igerilekuan. Gainera, Azpeitiko Udalari esker, lasterkarien haurrentzat ludoteka zerbitzua izango da Txiki Txokon, 15:30etik 20:30era. Aurrez izena eman behar da udaletxean. Datorren urtean mende laurdena beteko du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak. Jimenezek jakinarazi duenez, 2018ko martxoaren 24an izango da maratoi erdiaren 25. edizioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide