Gaur, igandea, Zuhaitz Eguna ospatu dute Azpeitian, eta jendetza bertaratu da udalak, herriko ikastetxeek, Lagun Onak Mendi Bazkunarek, Ingurugiro Etxeak, Baigerak eta baratze parkeetako erabiltzaileek elkarlanean antolatu duten hitzordura. 10:30erako dozenaka herritar bertaratu dira Esklabetako elizaren aurrera, eta han Kimu Bateko kideek azalpenak eman ostean,
Izarraizko Atea parkea eraikiko duten gunera joan dira zuhaitzak landatzera. Guztira, 300 lagun baino gehiagok parte hartu du zuhaitzen landaketan.
Lau eremutan, zuhaitz desberdinak landatu dituzte. Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko baratze parkearen alde bietan 40 bat fruitu arbola landatu dituzte. Bestalde, Izarraitz aldera egin duten bidexkaren inguruan 25 haritz sartu dituzte. Ikasberri ondoko aparkalekuan, berriz, 40 pago landatu dituzte, eta umeentzako jolasak jarriko dituzten parkearen eremuan 40 bat hurritz eta erramu. Landaketak bukatzean hamaiketakoa egin dute parte hartzaile guztiek.
Hona hemen Zuhaitz Eguneko irudi bilduma:
[flickr_set id="72157680963147186"]