Aizkora lehia estua izango da igandekoa

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 1a, 16:43

Igandean jokatuko da Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren 17. edizioaren finala. 12:00etan izango da Izarraitz pilotalekuan. Aurretik gazteek binakako finala jokatuko dute. Udalak finalerako bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu.

Udaleko eta Egur Sporteko ordezkariak eta aizkolariak Izarraitz pilotalekuan. (Julene Frantzesena) Inoiz baino lehia estuagoa» izango da Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren  finala, Luis Mari Bengoa txapelketa antolatzen duen Egur Sport enpresako kidearen arabera. Igandean izango da hitzordua, eta hiru bikote ariko dira lehian: Aitzol Atutxa Atutxa II.a eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a; Iker Vicente eta Ruben Saralegi; eta Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a. 12:00etan hasiko da final nagusia, Izarraitz pilotalekuan, eta hiru bikoteek bost motatako 30 enbor ebaki beharko dituzte. Aizkolarien mailari dagokionez, hiru bikoteak "berdintsuak" direla eta maila hori plazan ikustea espero duela azaldu du Bengoak. "Hala bada, finala oso polita izango da". Kirolariek ere lehia "estua" izango dela uste dute, baina denek adierazi dute irabaztera joango direla finalera. Apustu makinek azken hiru urteetako txapeldunak, Atutxa II.a eta Mugertza II.a, jotzen dituzte faboritotzat, baina Atutxak azaldu du horrek ez duela ezer esan nahi ez baitago "hainbeste alde" haien artean. "Oso bikote parekatuak gara, orain arteko lanetan pareko ibili gara. Hiru bikoteak ditugu aukerak irabazteko, baina baita hirugarren gelditzeko ere". Iker Vicentek iaz Laurence O’Tool munduko txapeldunarekin jokatu zuen finala, eta lehia hasi aurretik faborito baziren ere, hirugarren egin zuten. Aurten, berriz, Ruben Saralegirekin ariko da. Vicentek dioenez, "bikote osatuagoa" dira: "Orain arteko lehietan nahikoa ondo ibili gara. Lehengusuak gara, eta sentimendu berezia eragiten dit harekin aritzeak. Oso pozik nago". Otaegik eta Arria V.ak osatutako bikotea berria da, aurrenekoz ariko dira batera final batean. Halere, "gogoz" daudela adierazi du Arria V.ak. "Lehen Arria gaztea nintzen, eta orain neu naiz zaharrena", esan du errezildarrak barre artean. "Poz ematen du atzetik gazteak badatozela ikusteak, baina igandean aurrea hartzen badigute poz gutxi izango da". Hark dioenez, aurreneko lanak "itxuraz" egiten badituzte, "azken lanetarako esperantza" badute. "Oso gogorra izango da, baina ez goaz hirugarren egitera" azaldu du. Bengoak "eskerrak" eman dizkio udalari urteetan txapelketa sustatzeagatik. "Antolatzaileek, udalek eta aizkolariek eskutik joan behar dugu, gure herriko sustrai txikiak bizi-bizirik mantentzeko eta indartzeko. Uste dut bide horretan goazela; izan ere, oso desberdina da duela 17 urte egin genuen aurkezpena eta oraingoa. Horrek esan nahi du lan pixka bat egin dela eta aizkolari berriak badatozela". Estitxu Elduaien Kirol Batzordeburuak ere eskerrak eman dizkie txapelketaren antolatzaileei finala jokatzeko Azpeitia aukeratu izanagatik. "Saiatuko gara gure esku dauden baliabide guztiak jartzen, finala ahalik eta ondoen joan dadin". Urrezko aizkolarien finalaren aurretik, baina, 23 urtez azpiko Gazteen Txapelketaren finala izango da. Nor baino nor ariko dira Eneko Otaño beizamarra eta Ioritz Gisasola Zelai III.a eta Joxean Etxebarria Etxebarria II.a eta Oier Kañamares Kañamares IV.a. Horiek lau motatako 12 enbor ebaki beharko dituzte. Bengoak esan duenez, gazteen txapelketa ere garrantzitsua da, haiek direlako etorkizuneko aizkolariak. Sarreren zozketa Udalak iganderako bost sarrera bikoitz zozkatuko ditu herritarren artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek bihar bitartean eman beharko dute izena udaletxeko 943-15 71 85 telefonora deituta edo udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita, eta telefono zenbakia ere eman beharko dute izena ematean. Udalak ostiralean jakinaraziko ditu sarituen izen-abizenak. Finalaren aurretik, 11:00etan, zabalduko dute Izarraitz pilotalekuko leihatila. Sarrera 25 euro ordaindu beharko da, baina 16 urte baino gutxiago dituztenek doan gozatu ahal izango dute finalaz.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide