Iritsi zaie lotu dituen soka askatzeko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 28a, 10:17

Iban Sudupe eta Mikel Odriozola gaur aterako dira azken aldiz sokan. Oskar Osinaldek, berriz, igandean hartu zuen erretiroa. Erabakia hartuta gustura badira ere, "pena pixka bat" ematen die soka uzteak.

Iban Sudupe, Mikel Odriozola eta Oskar Osinalde Jai Karnabaleko eguerdiko sokamuturra hasi aurretik. (Ihintza Elustondo / Olaia Iraola) Sokari helduta azken korrika saioak gaur arratsaldeko sokamuturrean (16:30) egingo dituzte Mikel Odriozolak (Azpeitia, 1981) eta Iban Sudupek (Azpeitia, 1979). Igandean atera zen azkenengoz sokamutil Oskar Osinalde (Azpeitia, 1976). Hirurek urteak pasatu dituzte festetan arropa zuria eta gerriko gorria jantzita. Izan ere, 1998an atera zen sokan aurrenekoz Osinalde, 2003an Sudupe eta 2006an Odriozola. Iritsi zaie, baina, hainbeste urtean lotu dituen soka askatzeko ordua. Arrazoi desberdinengatik hartu dute sokamutil izateari uzteko erabakia. Osinaldek, adibidez, bizpahiru urte daramatza "belauneko lesioagatik" sokan atera gabe. Halere, erretiroa hartu aurretik atera nahi zuela eta, igandean aritu zen egiteko horretan. "Ez naiz errekuperatzen, eta bidali aurretik, utzita hobe", dio barre artean. Odriozolak eta Sudupek azaldu dute sokamuturraren atzean "lan handia" dagoela, eta Osinalde horretan aritu dela azken urteetan. Sudupek, berriz, uste du "zikloa ixteko garaia" iritsi zaiola. "Gazteei tartea utzi behar zaie. Aitor Cordobak iaz utzi zuen, eta ni harekin batera hasi nintzen, beraz...". Odriozolak azaldu duenez, "lehengo freskotasunik" ez duelako hartu du erabakia: "‘Lehen bezala ez naiz ibiltzen’ pentsatzen hasten zarenean... Burua lanean hasten denean, hobe utzita". Erabakia hartuta badute ere, "pena" pixka bat ematen die soka askatzeak. "Pena eta lasaitua. Sokamutil izateak ematen dituen gauza horiek guztiak ez ditut biziko aurrerantzean, eta horrek pena ematen dit. Eta, lasaitua, zezena beste era batera disfrutatuko dudalako", azaldu du Odriozolak. Sudupek dio sokan atera aurreko egun horietako "tentsiorik" ez dutela izango hemendik aurrera. Bada erreleboa Atzera begira jarrita, txikitan sokamutilak "miretsi" egiten zituela dio Odriozolak, eta "inbidia" ematen ziotela Osinaldek. "Ikastolara eraman nuen lehen mozorroa sokamutilarena izan zen, pentsa", dio Sudupek. Urte batzuk pasatuta iritsi zitzaien hirurei sokan ateratzeko gonbita.  "2002an zezenak harrapatu ninduen, eta urtebetera, sansebastianetan, hasi nintzen sokan". Odriozolak handik hiru urtera egin zuen debuta. "Fernando Arakistainek deitu zidan sokan atera nahi al nuen galdetzeko. Baietz esan nion, eta sokamutilak afaltzen ari ziren txokora joan nintzen. Han zeuden sokamutil denak, eta ardo botila pila bat zegoen mahaiaren gainean. Ez dakit erabaki ona hartu zuten, ardo gehitxo zegoen han". Sudupek dio afarietan-eta bati baino gehiagori deitu izan diotela sokan atera nahi al duen galdetzeko. "Jagoba Labaka ere hala hasi zen". Erreleboa hartuko duten gazteak badirela uste dute hirurek. "Gazte asko ikusten da zezenaren bueltan, eta oso ondo ibiltzen dira haren aurrean". Horri lotuta, dei egin diete sokan atera nahi duten gazteei. "Ez daitezela guk esan zain egon". Soka baino gehiago Sokamutil izateak, ordea, baditu bere lanak. Eta hainbeste sokamutur saioren ostean, badute kontatzeko moduko pasarterik. "Sokan ateratzen nintzen bigarren urtean, Mendizaleen tabernaren aurrean soka hautsi eta Erdikalean behera alde egin zuen zezenak. Udaltzaingoaren kotxe gainera igo zen... Egun hartako soka zaharra zen, lehenago erabilitakoa", gogoratu du Osinaldek. Beste behin ere alde egin zuen zezenak, baina orduko hartan ez zela sokaren egoeragatik izan esan du. Bestelako ezustekorik ere bizi izan dute hiru sokamutilek. "San Sebastian bezpera batean, danborrada zela-eta, plazan kamerak jarri behar zituzten ETBkoek, eta Erdikaletik Artetxeneko pareraino segidan joan behar izan genuen". Odriozolak adierazi duenez, korrika ari zirela argoila pasatu eta "hi, nora hoa!" oihuka ibilitakoak ere badira. Zezenaren atzetik "seigarren iritsitakorik" ere badela esan du barrez Osinaldek. Sokamutil izateak "alde txarrik" ez daukala dio Odriozolak, baina Osinaldek dio karnabalak pasatutakoan uzten duen faktura dela gogorrena. "Kamioiak harrapatu ondoren bezala egoten gara. Ez lanerako gogorik, deneko minez eta hautsita". Alde onei dagokienez, beraien arteko giroa azpimarratu dute. "Jende desberdin ugari elkartzen gara sokaren bueltan", azaldu du Sudupek. Sokan aritzeari utziko diote, baina sokamutilen artean urteetan josi eta lotu duten soka ez da hautsiko. Zezenaren bueltan elkartuko dira berriz ere. Gaurko egitaraua 06:45. Zezenaren irteera Izarraitz Txistulari Taldeak eta Udal Musika Bandak girotuta. 07:00. Sokamuturra. 12:00. Herriko banda gaztearen kalejira. 16:00. Umeentzako parkea eta jolasak Olazko Andre Mariaren plazan. 16:00. Irulitza txaranga. 16:15. Zezenaren irteera girotuko dute Izarraitz Txistulari Taldeak, Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak. 16:30. Sokamuturra. 20:00. Karnabalei bukaera emateko, suzko zezena. Gainera, Irulitza txaranga ibilbiko da giroa alaitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide