Tokiko merkataritza eta ekonomia sendotzera dator Azpeitia txartela

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 20a

Hainbat tokitan eskura daitezke txartela egiteko eskaera orriak, eta txartela egitea doakoa da. Erosketak egiteko balio izateaz gain, dirua ateratzeko ere erabili ahal izango da txartela. Bertanek, Rural Kutxak eta udalak elkarlanean kaleratu dute Azpeitia txartela.

Bertaneko, Rural Kutxako eta udaleko ordezkariak. (Azpeitiko Udala) Tokiko merkataritza, eta, oro har, herriko ekonomia indartzeko kaleratu dute Azpeitia txartela. Oraintsu arte Bertan mekartari elkarteak izan duen fideltasun txartela ordezkatuko du, eta hiru eginkizunetarako balioko du. Bertan, udala eta Rural Kutxa bi urtez aritu dira txartelaren inguruan lanean, eta dagoeneko eskura daiteke txartel berria. Bertanen fideltasun txartelak dendetan erosketak egiteko eta hainbat zozketatan parte hartzeko soilik balio zuen. Azpeitia txartelak, berriz, Visa funtzioa izango du, eta dendetan erosketak egiteko ez ezik, dirua ateratzeko ere balioko du. Gainera, erosketak txartel horrekin eginez gero, hainbat deskontuz eta abantailaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Eta, horrez gain, udal instalazioetara sartzeko ere balioko du, hala nola liburutegira, igerilekura edo kiroldegira. Txartela eskuratu nahi duten herritarrek jada egin dezakete eskaera. Eskaera orriak eskuragarri daude Bertaneko saltokietan, udaletxeko harreran, igerilekuan, liburutegian eta Rural Kutxan. Etxez etxe ere banatu dituzte eskaera orriak, eta txartela eskuratu nahi dutenek, orri hori bete eta NANaren kopiarekin aurkeztu beharko du toki horietakoren batean. Bertanen fideltasun txartela dutenei, berriz, gutun bat bidaliko diete txartel berriaren bila Rural Kutxara joan behar dutela azaltzeko. Izan ere, fideltasun txartela apirilaren 15era arte erabili ahal izango bada ere, fideltasun puntuekin lortutako bonoak otsailaren 28ra bitartean jaso ahal izango dira. Txartela dohain eskura daiteke, eta eskaera egiten dutenek, martxoan %15erainoko deskontua jasoko dute herriko dendetan erosketak egitean. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen hitzetan, herri baten garapenean "ezinbestekoak" dira denda eta saltoki txikiak. "Azpeitian ekonomiaren gako garrantzitsu dira, herriari bizia emateaz gain, lanpostu ugari sortzen dituztelako". Horregatik eta dendak "herria egiteko sare garrantzitsua" direlako udalak bultzada eman dio Azpeitia txartelaren proiektuari. Etxeberriak azaldu duenez, merkatari txikien erronketako bat dira Internet bidezko erosketak. "Erronka handia da Interneteko erosketei aurre egitea, baina Azpeitia txartela bezalako proiektuen helburua da gure merkataritza sendotzea". Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak azaldu duenez, Bertanen xedea da azpeitiarrek erosketak herrian eroso egitea, eta txartelak lagunduko du Azpeitia erosketa gune "erakargarri bihurtzen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide