Kultura arloko diru laguntzen zenbatekoa %15 igo du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 20a

10.000 euro gehiago banatuko ditu kultur taldeen eta beka jasotzen dutenen artean. Taldeek jada eska ditzakete laguntzak. Sokuntza Beken bigarren edizioa izango da, eta martxoaren erdi aldean argitaratuko dituzte oinarriak.

Ainara Larrañaga eta Josu Labaka. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak iaz baino 10.000 euro gehiago bideratuko ditu Kultura saileko diru laguntzetara. Iaz, guztira, 49.500 euro banatu zituen kultur elkarteentzako diru laguntzen eta Sorkuntza Beken bidez. Aurten, berriz, partida hori %15 handitzea erabaki du udalak, eta 59.500 euro banatuko ditu. Kultur taldeek dagoeneko eska ditzakete diru laguntzak. Martxoaren 15a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna, eta zalantzaren bat duten elkarteek udaleko Kultura Sailera joa dezakete. Joan den urtean 43.500 euro banatu zituen udalak herriko kultur taldeen artean. Aurten, aldiz, 47.500 euroko diru poltsa jarri dute haientzat. Azpeitiko kultur dinamikak duen dimentsioa «oso indartsua» dela kontuan hartuta handitu du diru saila udalak, Labakak dioenez, "kultura herritik" egiten delako: "Taldeei protagonismoa eman eta baliabideak eskaini nahi dizkiegu taldeei, orain arte egindako lanari segida emateko. Eskaerak geroz eta gehiago dira, eta horri erantzutera dator igoera". Sorkuntza Bekak, laster Udalak eta Kultur Mahaiak iaz jarri zituzten martxan Kultur Sorkuntza Bekak. "Herriko sortzaile berriei baliabideak eskaintzeko" kaleratu zituzten bekak, eta aurten beketara bideratutako diru kopurua bikoiztea erdietsi du udalak. Iaz 6.000 euro banatu zituzten herritarrek aurkeztutako bost proiekturen artean, eta aurten 12.000 euro banatuko dituzte. Otsaileko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten Sorkuntza Bekaren bigarren edizioaren oinarriak. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, martxoaren erdi aldean kaleratuko dituzte oinarri horiek, eta argitaratutakoan, herritarrek 15 eguneko tartea izango dute proiektuak aurkezteko. Ainara Larrañaga Kultura zinegotziak esan du bekaren aurreneko edizioak "erantzun oso ona" izan zuela, eta aurten ere hala izan dezan nahi dutela. Labakak, berriz, gogorarazi du bi diru laguntza horietan tokirik ez duten kultur proiekturen bat buruan duten herritarrak udalarekin harremanetan jar daitezkeela. "Taldeentzako diru laguntzak eta Sorkuntza Bekak laguntza orokorrak dira, baina egon daitezke horietan tokirik ez duten proiektu interesgarriak, eta gu laguntzeko gaude".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide