Fuel Fandango. (Fuel Fandango)
Cristina Manjon
Nitak eta Alejandro Acosta
Alek osatzen dute Fuel Fandango bikotea. Duela bederatzi urte Cordoban (Andaluzia, Espainia) ezagutu ostean hasi ziren musikan lehen urratsak egiten. Aurora Winter Tourren murgilduta dabiltza, eta zapatuan Azpeitian egingo dute geldialdia. Sanagustin kulturgunean ariko dira, 23:00etan hasita. Nitak dioenez, Fuel Fandango da "makinen, elektronikaren eta sustraietatik ateratzen den musikaren nahasketa".
Aurora izena du zuen hirugarren diskoak. Egunsentiko argia islatu nahi izan al duzue lan horretan?
Bai,
Aurora oso lan argitsua eta positiboa da. Horrelako lan bat egiteko gogoa genuen. Egin nahi genuen batzuetan hain iluna den mundu honi argi pixka bat emango dion lan bat.
Abestiak sortzerakoan, zein izan zen zuen inspirazio iturria?
Asko inspiratzen gaitu naturak, inguratzen gaituen munduak, gauza txikiek...
Nolakoa izan zen diskoa osatzeko prozesua?
Ekoizpen prozesua oso bizia izan zen. Urtebetez aritu ginen diskoa osatzeko lanetan, eta Steve Dub elektronika produktoreareak kolaboratu zuen gurekin. Hark lagundu zigun lanari nahi genuen itxura ematen.
Elektronika eta flamenkoa uztartzen dituzue abestietan. Nahasketa berezi samarra ez al da?
Bai, nahasketa arraro samarra da hasiera batean behintzat. Baina denborarekin geure zigilua lortzen ari gara, eta ikusten dugu jendeak gogoko duela gure proposamena. Beraz, gustura gaude lortzen ari garenarekin.
Aurora diskoan aurreko lanetan baino elektronika gehiago sartu duzuela diote kritika askok. Horren bila aritu zarete?
Flamenkoaren eta elektronikaren arteko mugak lausotu ditugu. Hasiera-hasieratik ari ginen bide horren bila; izan ere, muga horretan sentitzen gara gu erosoen eta ondoen.
Nola definituko zenuke Fuel Fandango hiru disko kaleratu ostean?
Beti izaten da bilakaera, bai arlo pertsonalean eta bai profesionalean. Urteak daramatzagu musikaren munduan, eta hori gauza askotan nabaritzen da, hala nola diskoen garapenean eta proposamen eszenikoan.
Aurora Winter Tourren murgilduta zabiltzate. Zer moduz doa bira?
Oso ondo. Espainia osoan ari gara kontzertuak eskaintzen, eta Australiara ere joango gara, hango Womad jaialdira. Eta Europako hainbat tokitan ere izango gara. Oso gustura gaude publikoak eman digun erantzunarekin, eskertuta gaude. Zorionekoak gara, gustatzen zaigun horretan lan egiteko aukera dugulako.
Azpeitian ere egingo duzue geldialdia. Zerekin topo egitea espero duzue?
Euskal Herrian izan garenetan, bikain tratatu izan gaituzte. Espero dugu jendeak gurekin gozatzea eta ondo pasatzea larunbateko kontzertuan.
Aurora Winter Tour bukatzean, zer egiteko asmoa duzue?
Momentuz, Fuel Fandangorekin gerra ematen segituko dugu, denboraldi baterako musika badaukagulako. Baina bira amaitzean, merezitako oporrak egingo ditugu.