Hasi dituzte lanak Artzubian. (Azpeitiko Udala)
Joan den urtearen bukaeran
San Martin estrata konpondu eta bertatik oinez nahiz bizikletaz igarotzeko egokitzapenak egin zituen udalak. Dagoeneko bigarren fasean dira lanak, eta herri barruko bidegorri sarea lotzeko falta zen atala egiten hasi dira Artzubian. Duela egun batzuk hasi zituzten San Martin egoitzaren ondoko espaloi zati bat bidegorri bilakatzeko lanak. Egoitzaren ondoan dauden zuhaitzen eta errepidearen artean margotuko dute zorua, bizikletentzat. Aldiz, zuhaitzen eta egoitzaren arteko guneak oinezkoentzat izaten jarraituko du.
Artzubia 11 eta 13 etxeen atarietan, berriz, espaloi estua dagoenez, eta errepideak espaloia zabaltzeko aukerarik ematen ez duenez, oinezkoek izango dute lehentasuna gune horretan. Artzubia 13tik zezen-plazara arteko zatian, berriz, bi metroko zabaleradun bidegorria egingo dute, eta beste bi metroko gunea izango dute oinezkoek.
Bidegorriaren lanak aprobetxatuko dituzte gune horretako argiteria, saneamendu, telekomunikazio, ur eta elektrizitate azpiegiturak berritzeko eta egokitzeko. Obrek, guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute.