Eneritz Fernandez: "Denei ezin zaie gustatu egiten duguna"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 7a, 09:30

La Sexta Espainiako telebista kateko 'Equipo de investigacion' saioan egin du lan Enertz Fernandezek (Azpeitia, 1992), duela urte eta erdi ingurutik. Lan erritmo "azkarra" dutela azaldu du Fernandezek.

(Argazkia: Eneritz Fernandez) Zein da zure egitekoa Equipo de investigacion saioan? Ikus-entzunezko Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketa masterra egiten ari nintzela hasi nintzen bekadun moduan, eta orain lanean ari naiz. Batez ere, erredakzio laguntzaile lanak egiten ditut: gaiak landu, elkarrizketak lotu, elkarrizketak egin eta transkribatu. Horrez gain, askotan, produkzio lanetan ere aritzen naiz, hala nola erredaktoreen eta kameren bidaiak antolatzen, dietak egiten, bidaietako gastuak kudeatzen, lokalizazioak lortzen, materiala kudeatzen... Nola egiten duzue lan? Erreportaje bakoitza egiteko hilabete izaten dugu. Lau fasetan banatzen ditugu erreportajeak, eta fase bakoitza astebetekoa izaten da. Lehen fasean ikerketa egiten dugu; bigarrenean, aurre-produkzioa; hirugarren astean, grabatu; eta laugarrenean, erreportajea muntatu. Grabaketa astean Espainia osoan barrena ibiltzen gara, eta, gaiaren arabera, Europako herrialde batzuetara bidaiatzen dugu. Lan erritmoa oso azkarra da, fase bakoitza zorrotz errespetatu behar delako. Gaiaren arabera ere zailduko dira zenbait lan, ezta? Jende asko elkarrizketarako prest agertzen da telefonoz deitzean, baina elkarrizketarako data eta ordua jarritakoan atzera egiten dute batzuek. Zein da lan egin duzun saiorik gogorrena? Eta gogoangarriena? Oso gogorra izan zen Timadores izeneko saioa; izan ere, protagonistek mehatxatu egin gintuzten, kamera bat hautsi ziguten... Tentsio uneak bizi izan genituen. Eduki aldetik, berriz, zaila izan zen Diana Querren ingurukoa, ez baitzegoen informazio askorik. Gainera, beste saio batzuetako kideak gu baino lehen joan ziren desagertu zen herrira, eta gu joaterako inork ez zuen nahi gaiaz hitz egin, beste saioetan gertaerei emandako tratua tarteko. Bestalde, asko gustatu zitzaidan urte askoz desagertuta dauden umeei eta gazteei buruzko Sin rastro erreportajea. Familiek asko kolaboratu zuten, eta oso hunkigarria izan zen. Inoiz pentsatu al zenuen halako lan batean ariko zinenik? Egia esan, ez. Denbora batez, ez nuen sektorean lanik bilatzen, eta arropa denda batean aritu nintzen lanean. Equipo de investigacionetik bekadun moduan aritzeko deitu zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta Madrilera joan nintzen bizitzera. Bertan lanean hastea zen nire nahia, betidanik gustatu baitzait saioa. Ez da erraza izan bekadun izatetik lan kontratua lortzerako bidea, baina gustura nago. Zerk egiten du arrakastatsu saioa? Aurkezleak zerikusia duela uste dut. Bada saioaren izena ez dakien baina aurkezlea Gloria Serra dela badakien jendea. Bestalde, lantzen ditugun gai asko ikusleen interesekoak dira. Adibidez, audientzia datuetan ikusi dugunez, kontsumoariĀ  lotutako erreportajeak interes handikoak dira ikusleentzat. Horrez gain, gertaera jakin batzuen gaineko erreportajeek morboa sortzen dute ikusleengan. Uste dut erreportajeetarako gaiekin gehienetan asmatzen dugula. Eta zer egin behar da saioak arrakasta izateko? Oso garrantzitsua da fidelak diren ikusleak mantentzea. Denei ezin zaie gustatu egiten duguna; beraz, ikusle horiei ahalik eta ondoen erantzun behar diegu, saioaren estiloari eta nortasunari eutsiz. Saioak zentzuzko egitura izatea ere garrantzitsua da. Atresmedian egiten duzu lan. Nolakoa da halako toki batean lan egitea? Esperientzia zoragarria ari da izaten. Atresmedian programa asko egiten dira, eta jende askok egiten du lan bertan. Aholkuak emateko eta laguntzeko prest dagoen jendearekin egin dut topo, eta, horrek, pertsonalki, asko lagundu dit. Komunibideetan lanean urte ugari daramatzan jendearen aholkuak entzutea aberasgarria izan da. Sei urte egin ditu saioak. Jarraituko al du? Denboraldiak abuztuan hasi eta ekainean amaitzen dira. Lantaldeko kideok denboraldika kontratatzen gaituzte, eta ez dugu jakiten denboraldi gehiago izango diren edo ez. Baina sei denboraldi egin ditu Equipo de investigacionek, eta ziur nago zazpigarrena izango dela.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide