Oihane Amenabar: "Senar-emazte batzuen arteko tratu txarrak jasotzen ditu filmak"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 2a, 10:21

Oihane Amenabarrek (Azpeitia, 1990) saria jaso du Fenavid Boliviako Nazioarteko Zinema Jaialdian, Unibertsitateko Fikziozko lanen sailean. 500 palabras film laburrari esker jaso du golardoa.

Oihane Amenabar. (Julene Frantzesena) Nazioartean jaso duzu aitortza. Ez da sari makala. Zine zuzendaritza masterra egin nuen Bartzelonako eskola txiki batean, eta hango zuzendariak bidali zuen nire lana Fenavidera. Handik gutxira esan zidaten 500 palabras hautatutako lanen artean zegoela. Banekien jaialdia urrian zela, eta data pasatuta ezer ez zidatenez jakinarazi, esperantza galdu egin nuen. Handik astebetera-edo, nire izena ikusi nuen sarituen artean. Lagunekin nengoen kafea hartzen, eta han hasi nintzen ‘irabazi egin dudala, irabazi...’ esaten. Shock egoeran gelditu nintzen, baina oso gustura hartu nuen berria. Zein da film laburraren haria? Sinopsiak beste kontu bat badio ere, senar-emazte batzuen arteko tratu txarrak jasotzen ditu filmak, haien alabaren ikuspegitik. Urte batzuk geroago ematen ditu azalpenak alabak, 500 hitzeko idazlan batean. Jaialdi gehiagotara aurkeztu al duzu lana? Masterreko zuzendariak Interneteko plataforma baten bidez bidaltzen ditu gure lanak jaialdietara. Eta neuk ere bidali izan dut nirea. Adibidez, Pasaiako Ikuska jaialdian eman zuten 500 palabras, lehiaketaz kanpoko emanaldian. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna? Masterra egin aurretik, Filologia Hispanikoa ikasi nuen. Betidanik gustatu zait idaztea, eta istorioak kontatzen nituen blog bat ere banuen. 500 palabras, adibidez, blogeko testu baten moldaketa da. Masterraren bukaerako proiekturako film labur baten gidoia idatzi eta filma zuzendu behar izan genuen, eta orduan egin nuen lan hori. Zinemagintzan jarraitzea nahi duzu? Orain, zine gidoigintza ikasten ari naiz on line, Madrilgo eskola batean. Eta tarte honetan egin ditut lantxo batzuk ere. Esaterako, rapero bati bideokliperako gidoiarekin lagundu nion, eta, orain, Bartzelonako ikasle bati laguntzen ari naiz grabatu behar duen film laburraren ideia garatzen. Hainbat kolaborazio ere egin dut. Hori bai, musutruk, esperientzia irabazteko… Hasiberria izanik, nola ikusten duzu gidoigintza arloa? Nahiko nuke gidoigintzatik bizitzea, baina... Zaila ikusten dut oso; izan ere, ez daukat esperientziarik. Jarraitu beharko dut batere kobratu gabe lanean,eta ahal dudana egingo dut zerbait lortzeko. Unibertsitatetik ateratzean pentsatzen duzu berehala aurkituko duzula lana, baina gauzak ez dira hain errazak. Hona hemen, 500 palabras film laburra: https://www.youtube.com/watch?v=1VKx0Mdc2WM

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide