Jagoba Beobide: "Maila bat behera jaitsi naiz berriz mailaz igotzen saiatzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ots. 1a, 10:04

Denboraldi hasieraz geroztik talderik gabe egon ostean, Racing taldearekin fitxatu du Jagoba Beobide futbolari azpeitiarrak. Min hartuta dago, debuta egiteko gogoarekin.

Jagoba Beobide. (Racing) Zuntz haustura bat tarteko, Jagoba Beobide (Azpeitia, 1987) futbol jokalariak oraindik ez du debuta egin Santandergo Racing taldearekin. Duela aste gutxi sinatu zuen kontratua Espainiako Bigarren B Mailako taldearekin, eta denboraldia bukatu artean Kantabriako talde nagusian izango da. Hilabeteak berdegunetik kanpo pasatuta, errekuperatu eta zelaira itzultzeko "desiratzen" dago azpeitiarra. Alavesekin Espainiako Lehen Mailara igotzea lortu, eta kontratua berritu ez. Nahikoa argi neukan ez nuela han jarraituko. Urtean zehar ez nuen partida gehiegi jokatu, ez nuen minutu asko eduki. Halere, egia da, mailaz igo eta gero, esperantza txiki bat banuela kontratua berritzeko. Baina aurreikusten nuen zaila izango zela taldeak kontratu berria aurkeztea. Dena den, zaleen babesa jaso zenuen. Askok ez zuen ulertu kontratua ez berritzea. Zaleek baloratu zuten urteak neramatzala taldean eta ahal nuen guztia ematen nuela. Adibidez, Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igotzean, taldean nengoen. Bigarren Mailan ere pasatu genuen urte nahiko txar bat, larri ibilita eutsi genion mailari, eta orduan ere Alavesen nengoen. Jendea akordatu egiten da gauza horiekin guztiekin, eta horrek poza ematen du. Egia esan, gauzarik ederrena —lehen mailara igotzea— lortu, eta maila horretan jokatzeko aukerarik ez izateak, pena pixka bat ematen du. Gogorra egiten da egoera, baina ikusten duzu jendeak baloratzen duela ordura arte egin duzun lana, eta hori asko eskertzen da. Dena den, zaleek baloratu arren, ulertzen dut klubak urtean urtekoari begiratzea. Momentu hartan ikusiko zuten nik ez nuela Lehen Mailan jokatzeko mailarik, eta erabaki hori errespetatu egin behar da. Saiatu zinen talderen bat bilatzen? Irekita nengoen. Azken urteetan Bigarren Mailan jokatu dudanez eta Lehen Mailara igo ginenez, esperantza nuen Bigarren Mailan talderen bat aurkitzeko. Atzerrian jokatzeko ere prest nengoen, baina ez zitzaidan ezer atera, ez batean eta ez bestean. Gauzak horrela, esan zidaten Gabonak arte zain egonez gero, agian, urtarrilean aukeraren bat izan nezakeela, eta, gainera, oraindik ere Lehen Mailara igo den Bigarren Mailako jokalari bat izango nintzela merkatuko erakusleihoan. Horregatik erabaki nuen zain egotea. Urtarrila iritsi eta ikusi nuen ez nuela eskaintzarik jasotzen, eta, azkenean, Bigarren B Mailako talde batera joatea erdietsi nuen. Gustura nago hartutako erabakiarekin. Beraz, hasiera batean, ez zenuen aurreikusten Bigarren B Mailako talde batean aritzea. Hasteko, denboraldia bukatu eta Alavesekin Lehen Mailara igota, ez nuen espero talderik gabe gelditzerik. Esperantza nuen Bigarren Mailan talde bat aurkitzeko, baina ez zen horrela izan, eta txipa aldarazi zidan horrek. Maila bat behera jaitsi naiz berriz mailaz igotzen saiatzeko. Hori onartzea gogorra egiten da, baina horixe da tokatu zaidana, eta saiatu behar izan dut ahalik eta normaltasun handienarekin eta ondoen eramaten. Hilabete batzuk izan ditut txipa aldatzeko, eta prest nago berriz ere Bigarren B Mailan jokatzeko eta ahal bezain pronto Bigarren Mailara jauzia egiteko. Denboraldi hasieratik urtarrilera arte talderik gabe egon zara. Gogorra egin al zaizu? Bai. Ohituta nengoen astebururo partidak jokatzen, errutina jakin bat jarraitzen nuen, eta talderik gabe, langabezian sentitu naiz. Jokoz kanpo ikusten nintzen egunerokoan. Baina beste aldetik begiratzen saiatu naiz, eta uste dut egoera nahikoa ondo eraman dudala. Urte askoan asteburu guztiak okupatuta izan ditut, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasteko aprobetxatu dut orain denbora; urteetan egin ez dudana egin dut. Halere, une askotan pentsatzen nuen zer gertatuko zen nire etorkizunarekin, jokatu gabe egote horrek eragiten zidan hori, baina saiatu naiz alde onari begiratzen. Geldirik ez zara egon, ordea. Lagun Onakekin aritu zara entrenatzen, ezta? Oso gustura egon naiz Azpeitian, oso ondo portatu dira nirekin. Astean lau entrenamendu egiten nituen, eta sasoiari eusteko oso ondo etorri zaizkit lan saioak. Lagun Onaki eskertu beharrean nago. Abenduaren erdi aldean, Bigarren B Mailako talderen batekin entrenatzeak on egingo zidala pentsatu nuen, eta Real Unionekin egin nituen lan saio batzuk. Lagun Onak baino maila bat gorago dago Irungo taldea, eta urtarrilerako prest egoteko hara joan nintzen. Eta neguko merkatuan, azkenean, taldea aurkitu duzu: Racing. Gustura al zaude? Denboraldia bukatu arte han ariko naiz, eta gustura nago. Bigarren B Mailako taldea da, baina historia handia du. Urte gutxitan Lehenengo Mailatik Bigarren B Mailara jaitsi da taldea, eta helburua da, lehenbailehen, Bigarren Mailara igotzea. Jokalari onak daude taldean, oso lehiakorrak, eta aukera handiak dituzte mailaz igotzeko. Talde polita daukagu, eta nire helburua ere hori da: Bigarren Mailara igotzea. Izan ere, Bigarren B Mailan aritzekotan, halako talde batean izan zedin nahi nuen. Gainera, etxetik gertu nago, garrantzia handia eman diot horri ere. Zer moduz lehen asteak? Iritsi naizenetik oso ondo tratatu naute, eta ezin naiz kexatu. Giro oso ona dugu taldean, eta gustura nago. Baina zorte txarra izan dut; izan ere, iritsi eta lehen astean ziztada txiki bat antzeman nuen, lesio txiki bat izan nuen. Berriro entrenatzen hasi nintzen, eta lesio txikia zena konplikatu egin zitzaidan. Orain, pare bat-hiru astez geldirik egon beharko dut. Alderik txarrena, horixe: jokatzen hasteko gogoz nengoen, eta berriz gelditu beharra ez da ederra. Gauzak datozen bezala hartu behar dira, eta tira, ia ahalik eta azkarren errekuperatzen naizen jokatzen hasteko prest egoteko. Debutatzeko gogoz zaude? Hainbeste hilabete pasatu dira jokatu gabe nagoenetik... Desiratzen nago, eta horrek ez dit lagundu lesioaren kontuan. Pixka bat gehiago neurtu banintz edo jokatzeko horrenbesteko antsietatea eduki ez banu, beharbada, ez nintzen berriz lesionatuko. Baina, batzuetan, ez da erraza gauzei neurria hartzea. Ia berehala errekuperatzen naizen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide