Dantzaleku bilakatuko da Sanagustin

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko urt. 26a, 10:19

Maiatza bitartean, hilean behin, areto dantzak egiteko aukera eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Bihar izango da aurreneko saioa, eta 22:30ak aldean jarriko dute musika.

EITBrako dantza jaialdi bat Sanagustin kulturgunean grabatu zuten 2014an. (Miren Arrieta) Euskaldunek ez dutela dantzarik egiten edo Euskal Herrian ez dela dantzarako joerarik. Askotan entzuten dira horrelakoak, baina gero eta gehiago dira areto dantzak egiten dituzten euskaldunak, herritarrak, azpeitiarrak. Horretaz ohartuta, dantzaleku bilakatuko da Sanagustin kulturgunea datozen hilabeteetan. Angel Oiarzabal dantza irakaslea da egitasmoaren sustatzaileetakoa. Hark azaldu duenez, "jende mordoa" ibiltzen da areto dantzak ikasten bai berarekin eta bai Jose Mari Orbegozorekin. "Horietako asko, eskolaz kanpo, Cafe Irunera joaten dira dantza egitera, hemen ez dagoelako aukerarik. Eta jendeak esan izan dit ederra litzatekeela herrian zerbait egitea". Oiarzabalek uste du ez dela moda kontua, eta aspalditik dagoela Azpeitian areto dantzetarako afizioa. "18 urte badaramatzat nik dantzan, eta ez da moda kontua. Jendeari dantza egitea gustatu egien zaio, eta areto dantzetako musikak katigatu egiten du. Horrez gain, jendea ezagutzeko aukera ematen du dantzak. Zuk gustuko duzun hori atsegin duen jendea ezagutu dezakezu. Beraz, ez da moda kontua bakarrik". Azpeitian eta inguruetan saloiko dantzak bultzatzen Jose Mari Orbegozo aritu dela dio Oiarzabalek. "Hura hasi zen areto dantzan irakasten, eta boom hau hark eragin du". Oiarzabalek aurretik ere egin ditu bere ikasleekin dantza saioak Sanagustin kulturgunean, taldeko afarien ostean. Eta azkena egin zutenean Sanagustineko Eusebio Belokik hilean behin-edo kulturgunea dantzaleku bihurtzeaz galdetu ziola azaldu du. "Neuk ezer esaterako berak komentatu zidan. Esan nion galtzeko ezer ez zutela, eta, txarrenean jarrita ere, jende gehiago bertaratuko zela. Hemen jende asko ibiltzen da dantzan, eta Irunera joaten ibili gabe, bertan gelditzea bultzatzen saiatuko ginela esan nion". Hitzordua, hilean behin Sanagustin kulturgunea hilean behin dantzazaleentzat zabalik izango da maiatzera bitartean. Eta egitasmo berriaren lehen hitzordua bihar izango da. 22:30ak aldean jarriko dute dantzarako musika, eta, besteak beste, salsa, bachata, kizomba eta txa-txa-txa doinuez gozatzeko eta horiekin gorputzak dantzan jartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Oiarzabalek esan duenez, "Sevillanaren bat eskatzen badute ere, jarriko dute". Sanagustin dantzarako «kategoriko» tokia dela dio Oiarzabalek, eta jendea dantzara animatzea besterik ez da falta. "Eskolaz kanpo, pautarik gabe, dantza egitea oso ona da ikasteko. Ea zer erantzun izaten duen egitasmoak". Datozen hitzorduak Maiatzera bitarteko datak zehaztu dituzten dagoeneko; lau saio izango dira. Otsailean, ordea, ez da izango dantza saiorik. Honako hauek dira datozen hitzorduak: Urtarrilak 17 Martxoak 10 Apirilak 7 Maiatzak 5

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide