"Jende multzo handiak biltzen diren tokietan" desfibriladoreak jarri ditu Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 25a

Lehendik herriko lau gunetan zeuden gailuak, eta orain zazpitan. Honako toki hauetan daude eskuragarri: igerilekuan, kiroldegian, Garmendipeko futbol zelaian, Izarraitz frontoian, Soreasun eta Udaltzaingoaren bi kotxe elektrikoetan.

Igerilekuaren eraikinean ere jarri dute gailu bat. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak desfibriladoreen inguruko plana egin du, "bihotz arazoen aurrean azkar eta egoki erantzuteko helburuarekin". Desfibriladore gehiago jarri dituzte hainbat gunetan, eta, gainera, hainbat herritarrei horiek erabiltzeko formazioa eskaini die udalak. Orain arte hiru desfibriladore zeuden herrian, eta beste lau jarri dituzte: "Bihitzeko ezbeharren aurrean ezinbestekoa da azkartasuna. Kirol asko egiten da gurean, eta desfibriladore horiek jartzea herritarren segurtasunean eta osasunean inbertitzea dela uste dugu. Horregatik jarri ditugu gailuak legediak zehaztu baino leku gehiagotan", adierazi du Estitxu Elduaien Kirol zinegotziak. Udalak jakinarazi duenez, "jende multzo handiak biltzen diren lekuetan" jarri dituzte gailuak: igerilekuan, kiroldegian, Garmendipeko futbol zelaian, Izarraitz frontoian, Soreasun eta Udaltzaingoaren bi kotxe elektrikoetan. Udalak jakinarazi du, legez, aforoagatik, ez zela beharrezkoa Soreasun jartzea. Udalak adierazi du zezen plazan jartzea derrigorrezkoa dela, eta "baina gutxi erabiltzen denez", ekitaldiren bat dagoenero udaltzaingoaren kotxeko desfibriladorea hara eramango dutela. Horrez gain, Lagun Onak futbol klubak zuen gailua ere aldatu dute, eta udalaren planarekin bat egingo du elkarteak hemendik aurrera. Desfibriladoreak jartzeaz gain, horiek nola erabiltzen diren irakasteko formazio saioak jaso dituzte 27 lagunek; kirol eragileek, langileek edo Udaltzaingoko kideek. Udalak adierazi duenez, urtez urte, sorospen formazio hori pertsona gehiagori eskainiko diote. Udalaren arabera, Azpeitian jarritako gailu horiek hainbat ezaugarri berezi dituzte: alde batetik, aktibatu bezain pronto geolokalizazio bidez anbulantziek koordenada zehatzak jasoko dituzte ezbeharraren lekua identifikatzeko; eta, bestetik, teleasistentzia zerbitzua duenez, gailuak berak adierazten dio erabiltzaileari pausoz pauso egin beharrekoa. "Bi ezaugarri horiek asistentzia azkar eta eraginkorra ahalbidetzen dute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide