Balentina Agirre Elorza plaza izendatzeko ekitaldia izango da zapatuan

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 24a

12:00etan hasiko da, eta bertan izango dira emagin zenaren senideak eta udal ordezkariak. Gainera, Maite Franco ipuin kontalariak Agirreren bizitzan oinarritutako ipuina kontatuko die bertaratzen diren haurrei.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotzia eta Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzailea. (Julene Frantzesena) Zapatuan egingo dute Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko plazari Balentina Agirre Elorza izena jartzeko ekitaldia. 12:00etan hasiko da, eta bertan izango dira emagin zenaren senideak eta udal ordezkariak. Gainera, Maite Franco ipuin kontalariak Agirreren bizitzan oinarritutako ipuina kontatuko die bertaratzen diren haurrei. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak dio "parte-hartzailea" izan dela plaza horri emakume izena jartzeko prozesua. Izan ere, Emakumeen Mahaiak plaza edo kale izen bat "ondo merezia" luketen emakumeen zerrenda egin, eta udalari eman zion. Ondoren, joan den azaroko udalbatzarrean, erabaki zuen Azpeitiko Udalak plaza horri emaginaren izena jartzea, aho batez. Udalak adierazi du "herriko memoria berreskuratzeko eta emakumeen izenak kale izendegian presentzia izateko" hartutako konpromisoaren islada dela erabakia. "Urte luzez, Azpeitiko ume asko munduratzeko ezinbestekoa izan zen Agirre, eta horregatik iruditu zitzaigun egokia haur parkea duen plazari haren izena jartzea", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Balentina Agirre Elorza izango da Azpeitiko kale eta plaza izendegiko lehen emakume izena. Etxeberriak dioenez, baina, ez da azkena izango: «Pixkanaka, izenik gabe dauden kaleei eta plazei Azpeitiari, historiari, memoriari eta azpeitiarrei loturiko izenak jartzeko konpromisoa dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide