Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia, Agustin Jimenez Azkoitia-Azpeitia probaren zuzendaria eta Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua. (Julene Frantzesena)
Datorren apirilaren 1ean, larunbatez, izango da Diego Garciaren oroimenezko XXIV. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia. Data gerturatzen ari denez, dagoeneko zabaldu dute maratoi erdian, lasterketa herrikoian eta patinatzaileen proban izena emateko epea. Gainera, aurten berrikuntza garrantzitsu bat izango dute probek; ibilbide aldaketa. Agustin Jimenez probaren zuzendariak azaldu duenez, "iraungita" zegoen Azkoitia-Azpeitiaren ibilbidea. "Ibilbide berrian hobekuntzak sartzen saiatu gara. Gainera, proba motzak 600 metro gehiago izango ditu; hau da, 8,1 kilometro".
Atzotik eman daiteke izena
www.kirolprobak.com webgunean. Astelehenetik aurrera, berriz, Azpeitiko eta Donostiako Robers kirol dendetan eta Azkoitiko Plaza Berri Sporten ere eman ahalko da izena.
Maratoi erdian otsailaren bukaera baino lehen izena ematen duten federatuek 21 euro ordaindu beharko dute, eta 24 euro federatu gabeek. Martxoaren 1etik aurrera igo egingo dira prezioak: martxoaren hasieratik hil horren 24ra hiru euro gehiago ordaindu beharko da, eta probaren aurreko astean beste hiru euro gehiago. Lasterketa motzean eta patinatzaileek probetan parte hartu nahi dutenek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dute otsailaren bukaerara bitartean. Ondoren, igo egingo dira proba horietarako dortsalen prezioak ere: otsailaren bukaeratik aurrera 14 euro ordaindu beharko da dortsala, eta azken astean 19 euro.
Izen-ematearen gaineko xehetasunak azaltzeko agerraldia egin dute gaur probaren zuzendari Agustin Jimenezek, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak. Probaren aurtengo irudia Diego Garcia da, eta XXIV. edizioaren leloa da
Diego bezain handia. "Diego handia zela ez dago inongo zalantzarik, eta Diego bezain handia da proba hau. Handia, duen palmaresagatik, eta handia bi herri txikik, elkarturik, Europako maratoi erdi onenetakoa dutelako". Jimenezek esan du "probaren handitasunari eusten" jarraituko dutela: "Diegok gogor egiten zuen lan, eta lanerako grina geure egin dugu, probaren filosofia gal ez dadin".
Bi udaletako ordezkariek probaren antolakuntzan aritzen direnentzat esker hitzak izan zituzten, eta laguntzen jarraitzeko asmoa agertu zieten haiei, Vazquezen arabera, "proba bat baino gehiago" baita Azkoitia-Azpeitia. Elduaienek azaldu zuen maratoi erdiak duen prestigioak bi herriak "mapan kokatzea ahalbidetzen" duela. "Kirol ikuspegitik duen mailaz gain, turismo ikuspegitik ere aberastasuna dakar herrira". Horrez gain, probaren "izaera" nabarmendu zuen Elduaienek: "Eliteko kirola kirol herrikoiarekin uztartzen da eta balore desberdinak batzen ditu, garai batean Diego Garciaren ametsa hori zelako. Izpiritu horri eustea garrantzitsua da, eta udalarentzat berezikoa da herrikoi puntu hori ematea probari". Horri lotuta, Elduaienek esan du "zailtasun gehigarri" bat jarri diotela "zenbait eragilek" aurten Azkoitia-Azpeitiari; izan ere, Azkoitia-Azpeitiaren antolatzaileek data jakinarazi eta egun batera adierazi zuten Donostiako maratoi erdiaren antolatzaileek, apirilaren 2an,
Azkoitia-Azpeitia baino egun bat geroago, egingo dutela hango proba. Hori dela-eta, Elduaienek dio "inoiz baino gehiago aldarrikatu behar" dela probaren izaera. "Garrantzitsua da herrikoiei, elitekoek eta denek parte-hartzea, inoiz baino gehiago erakutsi eta demostratu beharko delako proba honek zer balio duen".