Zarautzen 2015ean egindako bilketaren irudia. (Saharautz)
Zortzigarren urtez jarraian, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko janari bilketa egingo du aste honetan Khamar Sahararen aldeko Azpeitiko elkarteak.
Aste osoan zehar jasoko dituzte jakiak Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIren Azpeitiko eraikinean, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean. Honako jaki hauek utzi ahal izango dituzte herritarrek bilketarako egokitzen dituzten guneetan: lekaleak, arroza, makarroiak eta kontserbak. Horrez gain, konpresak ere jasoko dituzte.
Iazko bilketari jarraipena emanez, motxilak ere jasoko dituzte. Maite Azpiazu Khamarreko kideak azaldu duenez, iaz "asko eskertu zituzten motxilak, baina ez ziren hango eskolako haur guztientzat adina bildu". Horregatik, aurten ere jasoko dituzte. Ikastetxeetan ez ezik, Soreasuko Elkargunean eta Plaza Txikiko Gazte Informazio Bulegoan ere utzi ahalko dira motxilak aste honetan eta hurrengoan.
Supermerkatuetan ere bai
Larunbatean Eroskik Sanjuandegin duen saltokian eta BM supermerkatuan izango dira Khamarreko kideak jakiak-eta biltzen. 10:00etatik 20:00etara bitartean saltoki horien sarreran utzi ahal izango dituzte herritarrek Saharara bidaltzeko produktuak.
Biltzen duten material guztia Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara eramango du otsailaren erdi aldean Media Luna Roja elkarteak. Azpiazuk dioenez, han «bidezko banaketa» egiten saiatuko dira.
Kanpainak urtero erantzun "oso ona" izaten du, eta aurten ere hala izatea espero dute.