Valen Garcia: "Egungo westerna ezin da ulertu 'spaghetti'-a kontuan izan gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko urt. 19a, 10:05

Hiru urte baino gehiagoren ostean, 'Guia del spaghetti western' liburua kaleratu berri du Valen Garciak (Gasteiz, 1970). Azpeitiarrak westerna izan du lanerako gaia.

Valen Garcia argitaratu berri dituen liburuekin. (Valen Garcia) Nondik datorkizu spaghetti westernaren zaletasuna? Ez dakit nondik datorkidan; izan ere, genero horretakoak ez dira ez produkzio handiak eta ez bereziki film onak. Txikitan asko gustatzen zitzaidan indio eta bakeroetara jolastea, eta, gainera, gogoratzen naiz Bud Spencerren eta Terence Hillen filmak ikustera joaten ginela Soreasura eta Zelaitxora. Horrez gain, agian, Europan egindakoak direlako ere erakartzen naute. Spaghetti western asko Almerian, Burgosen, Madrilen, Huescan edo Granadan egin dira, eta horrek harrapatu egin ninduen. Uste dut Sergio Leone zuzendariak iragana eta oraina bereizi zituela, genero horretako tratamendu bisualari dagokionez. Egungo westerna ezin da ulertu 'spaghetti'-a kontuan izan gabe. Zein izan zen ikusi zenuen genero horretako lehen filma? Ez dut gogoan aurrena, baina oroitzen dudan lehena da Hannie Caulder. Film horretako protagonista emakumea da, eta gutxi dira halako lanak western generoan. Zer ezaugarri ditu generoak? Indarkeriaren trataera, borroken plastikotasuna eta musika. Azken hori ezinbesteko elementua da, eta produkzio askotan musika da lanaren onena. Zein film dituzu gustukoen? Sergio Leoneren El bueno, el feo y el malo eta Hasta que llego su hora. Zein egoeratan dago westerna egun? Eta zergatik desagertu zen spaghetti westerna? Western generoko lan gutxi ateratzen dira egun merkatura. Halere, azken hamarkadetan, Clint Eastwoodek, Kevin Costnerrek, Cohen anaiek eta Quentin Tarantinok westernak mailari eustea ahalbidetu dute. Badira komertzialagoak diren produkzioak ere, hala nola Los siete magnificos, El renacido edo Jane Got a Gun, baina horiek entretenimendua soilik eskaintzen dute. Horiez gain, asmo onez egindako eta aho zapore ona uzten duten lanak ere egin dira azken urteetan: Deuda de honor, Bone Tomahawk edo The Salvation, adibidez. Spaghetti westernaren amaieran hainbat faktorek eragin zuten: argumentuak errepikakorrak ziren, kolpeetan oinarritutako genero komikoaz aspertu egin ginen eta beste genero batzuk sartu ziren. Eta, gainera, telebista etxeetara iritsi zen. Kaleratu duzun liburua hiru urte baino gehiagoko lanaren fruitua da. Nolakoa izan da lanaren prozesua? Duela urte batzuk, ikusten nituen filmen izenak, zuzendariak eta sinopsiak apuntatzen hasi nintzen liburuxka batean. Urteetan apunteak antolatzen, datuak gehitzen, filmen kartelak biltzen... aritu naiz. Gero eta material gehiago nuen, eta liburua egitea proposatu zidaten lagun batzuek. Azken bi urteotan hainbat pertsonen laguntza jaso dut lana osatzeko. Noren laguntza izan duzu? Spaghetti western generoko hainbat filmetan parte hartu duen George Hilton aktorearekin elkarrizketa luzea izan nuen, eta pasadizo ugari kontatu zizkidan. Rafael Romero Marchent zuzendari eta aktorearen laguntza ere izan dut, eta Jesus Cendonek, Güido Maltesek eta Xavi J. Prunerak ere kolaboratu dute proiektuan. Filmen sinopsiak egiten eta osatzen, berriz, hogei bat lagunek lagundu didate. Zer jaso duzu liburuan? Eduki grafikoak dira garrantzia handiena dutenak. Horiek dira, agian, liburuaren bereizgarria. Irudi batzuk neureak dira, eta beste asko filmetako fotogramak. Eta Internetetik ere atera dut materiala. Finantzaketa kolektiboko kanpaina egin duzu. Hasierako helburua bete al duzu? Helburu ekonomiko nahiko baxua jarri nuen, eta, behar bada, hori izan da giltza. Sare sozialak erabili nituen jendeari proiektua azaltzeko eta sustatzeko, eta erantzun oso ona izan zuen. Izan ere, lortu nahi nuen diru kopurua baino handiagoa eskuratu nuen: 9.000 euro, hain zuzen. Non eskura daiteke liburua? Interneten, www.spaghettiwestern.es atarian, eros daiteke liburua 30 euroren trukean. Otsailetik aurrera, berriz, hainbat dendatan ere izango da eskuragarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide