Haritz Arakistain. (Julene Franzesena)
Haritz Arakistainek (Azpeitia, 1992) Etxera taldea zuzenduko du lehen aldiz.
Zer moduz moldatu zara entseguetan?
Lehenengoan tentsio pixka bat sumatu nuen, baina, harrezkero nahiko ondo. Espero nuena baino hobeto aritu naiz, nahiz eta hasieran urduri nengoen. Abestiak zuzendu ahala, hobeto sentitu naiz, seguruago.
Nolatan zuzendari?
Azken bizpahiru urtetan danborrada antolatzeko lantaldean parte hartu dut, eta aurreko urtean esan zigun ordura arteko zuzendariak utzi egingo zuela. Ni ateratzeko prest agertu nintzen orduan, eta orain hitza bete behar.
Gustura al zaude erabakiarekin?
Bai, baina damutu ere egin naiz momentu batzuetan. Eguna gerturatzen ari den heinean, geroz eta gusturago nago.
Noiz hasi zinen abestiak entzuten eta entseatzen?
Duela hilabete inguru-edo hasi nintzen abesti berrienak prestatzen. Betikoak gutxi gorabehera badakizkit, eta gaitzerdi. Unai Frantzesena Udal Musika Bandako zuzendariari diskoa eskatu nion, eta etxean aritu naiz entseatzen.
Lehenago zuzendari aritutakoa zara?
Bai, baina ikastola garaietan. Bi aldiz atera nintzen.
Gustuko al dituzu sasebastianak?
Ez dira Azpeitiko festarik gustukoenak, baina... Danborradan ateratzen ez nintzenean, ez zitzaizkidan gustatzen, ez nintzen sartzen festan. Azken urteetan, berriz, danborra jotzen aritu naiz presoen aldeko taldearekin, eta beste kontu bat da. Afaritik hasita, saltsa ederra izaten da. Sansebastianak festa parte- hartzaileak dira, eta jende desberdin ugari batzeko gaitasuna du jaiak. Beraz, badute bere xarma sansebastianek.
Kantarik errazena, zein? Eta zailena?
Danborra jotzeko denak nahikoa antzekoak iruditzen zaizkit, baina zuzentzeko errazena Goizeko izarra iruditzen zait. Zailenak, berriz, bi dianak: Diana eta Txokolo diana txikia.
Zer moduzko taldea zuzenduko duzu?
Talde handi samarra da, baina entseguak ikusita, gustura nago. Badakigu festa bakarrik ez dela, eta itxura eman behar dela. Talde oso ona daukagu, gustura nago.
Gogoz al zaude gaur gauean ateratzeko?
Bai. Batez ere, gauerdian plazan elkartzen garenerako. Plazan, San Sebastian martxarekin, emozionatu egiten naiz. Kaleko desfilea ederra da, baina plazako unea bukatzerik ere ez dut nahi izaten.