Dena prest, danborraren bueltako lau eguneko festei hasiera emateko

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko urt. 19a, 09:32

22:15ean hasiko da danborrada, eta 27 taldek parte hartuko dute. Iraurgi Saskibaloiak talde berria aterako du, sukaldari jantziekin. Gauerdian ikurrina igoko dute udaletxeko balkoian

Herenegungo helduen danborradako entseguan jendetza izan zen. (Eli Aizpuru) Gaur gauerako eguraldi iragarpenari begira egongo zen bat baino gehiago, eta, iragarritakoari eusten badio, hotz baina ateri egingo du. Dena den, egiten duena egiten duela ere, eguraldia ez da festarako oztopo izango. Atzo egin zituzten helduek nahiz haurrek danborradarako azken entseguak. Dagoeneko azken xehetasunak prestatzen ari dira danbor taldeak-eta, gaur gauean lehertuko baita danbor festa. Arratsaldean, baina, danborradak egingo dituzte herriko hiru ikastetxeetan. Eta helduek danborra jo aurretik, afariak egingo dituzte soziedadeetan eta herriko jatetxeetan. 27 danbor taldek parte hartuko dute 22:15ean Olazko Andre Mariaren plazaren ondotik hasiko den helduen danborradan. Guztira, 1.800 bat lagun izango dira danborren desfilean. Iaz baino talde bat gehiago izango da aurten; izan ere, ISBren taldea batuko da danborradara. Sukaldari jantzita aterako dira 44 danbor-jotzaile, zuzendari handia eta txikia, banderaduna eta bi kantinera. Danborrada hasi eta gutxira, eta urteroko moduan, taldeek geldialdia egingo dute Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Eliz atarian talde guztientzat tokirik ez dagoenez, honako bederatzi talde hauek Perez Arregi plazatxoan izango dira: Ziripot, Basazabal, Zokoa, Egizale-Landeta, Izarraitz Txoko, Alkartasuna, Sanjuandegi, Arauntza eta Txalintxo. Ohiko legez, Alde Zaharreko desfilea bukatzean, plazan elkartuko dira talde guztiak. Gauerdia iristean, San Sebastian martxa joko dute talde guztiek. Ondoren, sansebastianetako errepertorioko gainerako abesti guztiak joko dituzte, Udal Musika Bandak lagunduta. Gauerdian, gainera, 1977ko urtarrilaren 19a izango dute gogoan. Izan ere, gaur 40 urte jarri zuten lehen aldiz ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilik. Gauerdian beharrean ordu batzuk lehenago jarri zuten ikurrina balkoian, Luziano Lazkanoren hileta zelako eta parrokiara bidean haren gorpua ikurrinaren azpitik igarotzea nahi zutelako. Ikurrina jartzean, Agustin Pratek gaztelaniaz eta Imanol Eliasek euskaraz irakurri zuten udalbatzak ikurrina jartzeko hartutako erabakiaren berri emateko testua udaletxeko balkoitik. Urteurren gogoangarri hori oroitzeko, udalak orduko udal ordezkarien senideak gonbidatu ditu udaletxera, eta omenaldia jasoko dute bertan. Gauerdian ikurrina igoko dute udaletxeko balkoian. Horrez gain, danborrada udaletxeko balkoitik ikusi ahal izango dute hamar herritarrek, udalak zozketa egin baitzuen astelehenean. Autobus zerbitzu bereziak Lurraldebusek autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu sansebastianetan. Bihar goizaldean Azpeititik Azkoitira eta Zumaiara itzultzeko hainbat autobus zerbitzu izango dira. Azpeititik Azkoitira 01:00etan, 02:00etan, 03:20an, 04:00etan eta 05:20an aterako dira autobusak. Aldiz, Azpeititik Zumaiara 02:30ean eta 04:30ean. Festak jarraipena Gaur festa hasi besterik ez da egingo; izan ere, bihar ere danbor hotsa izango da nagusi herrian. Izarraitzeko txistularien eta Juan Antxieta musika eskolakoen goiz eresiaren ostean, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek diana egingo dute. 09:30ean hasiko dute bi danbor taldeek kalejira, Udal Musika Bandak eta musika eskolako txilibitu-jotzaileek lagunduta. 10:15ean udal ordezkarien korporazioa Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango da, eta prozesioa egingo dute gero. 10:45ean hasiko da meza parrokian, baina, aurretik, eliz atarian joko dute Ardozaleek eta Gure Ametsakoek. Haurren danborrada 12:30ean hasiko da Artzubitik eta Arana kaletik, eta hamar taldek parte hartuko dute. Karroza eta inudeak aterako dira haiekin batera. Danbor hotsak aurten azken aldiz entzuteko aukera bihar gauean izango da. Hamabi talde aterako dira 23:15ean banderaren jaitsierako desfilean. Helduen danborrada Honako ordena honetan aterako dira danbor taldeak gaur gauean. (Danborrak/Barrikak). Oñatzbideko gastadoreak. (D) Barratsu. (D) Zezenzaleak. (B) Julian Barrenetxea. (D) Oilo Soro. (B) Irrintzi. (D) Txalintxo. (B) Arauntza. (D) Sanjuandegi. (B) Izarraitz Txoko. (D) Zokoa. (D) Basazabal. (B) Ziripot. (D) Egizale-Landeta. (B) Alkartasuna. (D) Oilagorra. (B) Loiolabide-Zahar. (D) Zulozabal. (D) Loiolatxo. (D/B) Itsasi. (D/B) Harkaitza. (D) Etxera. (B) Arrantzaleak. (D) Gure Ametsa. (B) Ardozaleak. (D) Iraurgi Saskibaloi Taldea. (D) Mendizaleak. (B) SAN SEBASTIAN FESTAK. EGITARAUA.
  • Gaur, hilak 19 - Arratsaldea. Herriko hiru ikastetxeetan, ordu desberdinetan, danborradak egingo dituzte ikasleek. - 22:15. Helduen danborradako taldeak Olazko Andre Mariaren plaza ingurutik aterako dira, Alde Zaharrean ibiliko dira kalez kale, desfilean. - 00:00. Talde guztiak plazan elkartuko dira. Udaletxeko balkoiko banderak igoko dituzte, danbor taldeek abestiak jotzen dituzten bitartean.
  • Bihar, hilak 20 - 09:00. Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako kideek goiz eresia egingo dute. - 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeen, Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu-jotzaileek diana eskainiko dute. - 10:15. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara. - 10:30. Prozesioa, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiatik abiatuta. - 10:45. Meza, parrokian. - 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik hasita. - 12:30. Umeen danborrada. Danbor taldeak Artzubitik eta Arana kaletik abiatuko dira, eta kalejira egingo dute Alde Zaharrean. - 13:00. Hazparneko ordezkariei harrera egingo diete udaletxean. - 16:30. Sokamuturra. - 23:15. Bandera jaitsi aurreko desfilea, Alde Zaharrean. Hamabi taldek parte hartuko dute festei bukaera emateko ekitaldian. - 00:00. Banderaren jaitsiera.
  • Zapatua, hilak 21 - Goizez eta arratsaldez. Txu-txu trena ibiliko da kalez kale, plazatik abiatuta. - 16:00etatik 20:00etara. Haurrentzako jolas parkea izango da Olazko Andre Mariaren plazan. - 23:00. Willis Drummond eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertuak eskainiko dituzte Sanagustin kulturgunean. Emanaldiak doakoak izango dira.
  • Igandea, hilak 22 - 12:00. Sokako zezen txikiak, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan. - 16:30. Sokamuturra, Erdikaletik abiatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide