"Azken indarkeria sexista kasu larriak" salatu ditu Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 17a

Salaketarekin batera "kezka" azaldu du erakundeak, eta eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin "bat egiten" duela adierazi du. Erasook salatzeko elkarretaratzea deitu du Emakumeen Mahaiak biharko. 19:00etan izango da kontzentrazioa, plazan.

Azpeitiko Udalak azken asteotan Euskal Herrian izan diren "indarkeria sexista kasu larriak" salatzeko idatzia plazaratu du gaur, asteartea. Salaketarekin batera "kezka" azaldu du erakundeak, eta eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin "bat egiten" duela adierazi du. Azpeitiko Emakumeen Mahaiak Portugaleten eta Burlatan azken egunotan izan diren eraso sexistak eta Valentzian espetxeratuta dagoen Sara Majarenasen eta haren alabaren aurkako eraso "larria" gaitzesteko elkarretaratzea deitu du biharko, asteazkena. 19:00etan egingo dute kontzentrazioa plazan. Herritarrei dei egin diete elkarretaratzean parte har dezaten. Honako hau da Azpeitiko Udalak plazaratutako idatzia: "Azken bi asteotan Euskal Herrian jazotako indarkeria sexista kasu larrien aurrean kezka azaldu nahi du Azpeitiko Udalak. Urte hasiera gogorra izan da. Azken bi asteotan hiru kasu oso larriren berri izan dugu. Azken biak atzo ezagutu genituen. Alde batetik, Burlatako gizon batek bere emaztea hil eta gorpua ibaira bota zuela deklaratu zuen; eta gaur oraindik gorpuaren bila dabiltza. Eta, beste aldetik, Valentzian dispertsatuta duten Sara Majarenas presoaren alabari aitak egindako eraso bortitzak hitzik gabe utzi gaitu. Pasatu den astean, berriz, Portugaleten semeak 93 urteko ama hil zuen. Hiru kasu horiek erakusten digute indarkeria sexistak badituela hamaika ertz eta erpin, eta giza eskubideen urraketa larriak direla guztiak ere. Bide horretan, Azpeitiko Udalak, eskubide urraketa horiek salatzen segitzeaz gain, bere gain dagoen guztia egiten jarraituko du horrelako kasurik gerta ez dadin, ez Azpeitian eta ez beste inon. Horretarako, orain artean bezala, bere esku dauden baliabide guztiak jartzen jarraituko du. Azpeitiko Udalak beste behin ere eraso horiek salatzeko egingo diren ekimenekin bat egiten du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide